EAJk aurkeztu du bere hautagaien zerrenda

Erredakzioa 2015ko api. 28a, 20:08

SORALUZEKOTALDEA

Iker Aldazabal alkategaiarekin batera Nagore Zabalak, Ramon Gallastegik, Xabier Garmendiak, Maria Carmen Ecenarrok eta Xabier Alberdik osatuko dituzte zerrendako lehen sei postuak. “Talde sendo bat osatzen saiatu gara, krisi garaiotan ilusioa, ideia berriak eta konponbideak ekarriko dituena” azpimarratu dute. 

Zerrenda osatuko duten gainerako herritarrak Veronica Galarraga, Jon Joseba Aramburu, Maite Oregi, Juan Luis Ugarte eta Amaia Bedaio dira. Abel Olaizola, Ane Zuloaga eta Jose Luis Azcorbebeitia dira ordezkoak.

Iker Aldazabal EAJko zerrendaburuak azaldu duenez, bere taldeak “gaztetasuna, freskotasuna, prestakuntza eta kudeaketan esperientzia konbinatzen ditu”. Taldeko kideen profilak eta ibilbide profesionalak kontuan hartuta “kudeaketan esperientzia eta trebakuntza duen talde bat dela” azpimarratu du: "talde sendo bat osatzen saiatu gara, krisi garaiotan ilusioa, ideia berriak eta konponbideak ekarriko dituena".

 Aldazabalek adierazi du "Soraluzeko emakumeez eta gizonez osatutako talde honek lan egiteko gogoa eta ilusioa” duela eta “gaur egungo egoera hobetzeko eta Soraluze haziarazteko ideiak” dituela.

"Hautagaitza indartu bat da gurea eta herritarren benetako beharrei erantzuten die; Soraluzek behar duen aldaketa gidatzeko prestatuta dago eta kudeaketa ona eta hurbiltasuna abiapuntutzat hartuta udalerria gobernatzeko gai da, betiere soraluzetar guztien beharrei entzunez" adierazi du.

 Ekonomia sustatzea, udalerriak iraganean eduki zuen industria-izaera indartzea eta berreskuratzea eta kalitatezko lanpostuak sortzea dira jeltzaleen lehentasunak.

“Horretarako, entzuteko gai den eta gainerako erakundeekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, baita Soraluzeko eragileekin ere, lan egiteko gai den gobernu bat behar dugu, eta politika eraginkorrak egiteko gaitasuna izan behar da. Gaur egun gobernuan dagoen ezker abertzaleak ez du bere lehentasunen artean industria eduki eta bizkarra eman dio industria-ehunari”.

"Hori ez da gure eredua. Guk soraluzetar guztiekin batera eraiki nahi dugu etorkizuneko Soraluze, gure udalerriko herritarren eta eragileen kezkak eta beharrei gertutik entzunez" adierazi du Aldazabalek. Soraluzeko eragileekin bildu direla, “soraluzetar guztiei beren beharrei erantzungo dieten eta arazoak konponduko dituzten proposamen zehatzak eskaintzeko" gaineratu du.

"Galdutako denbora berreskuratzeko garaia iritsi da, lan egiteko eta gaur egun agintean dagoen taldeak kudeaketarako erakutsitako gaitasun ezari eta gelditasunari aurre egiteko ordua da; EAJk proiektu argiak aurkezten ditu,  itxaropena ernaraziko dutenak".