Bi partiden tartean merezitako omenaldi beroa egingo zaio orain gutxi erretiroa hartu duen pelotari soraluzetarrari. Jaialdia 20:00etan hasiko den triki-poteoarekin borobilduko dute eta, ostean, 60 lagun inguru Txurrukara joango dira afaltzera.
“Denona izan da” Aritz Laskurain (Pil-pilean aldizkarian argitaratutako kolaborazioa)
Urte asko pasatu dira ikastolako frontoian lehen pelotakadak jo nitsuanetik. 7 urte nitsuala ikastolan pelota txapelketa bat antolatu zan. Anekdota bezela gogoratu nahi dot ez nintzala irabazten hasi. Finalerdixetan galdu eta herriko hirugarrena izan nitzan txapelketa hartan. Baina pelotako harra barruraino sartu jatan eta herriko pelota eskolan apuntatu nitzan.
Hurrengo urtietan be herriko bigarrena geratzen nitzan beti. Irabazten baino askoz lehenago ikasi neban galtzen, eta hori suerte haundi bat izan zala uste dot. Ikasgai horrek urtez-urte, mailaz-maila zailttasun guztixeri aurre egitteko indarra emon dosta gustatzen jatan horretan aurrera egitteko. Noraino eta profesional mailan gorenian jokatzeraino. Nere pasioa izan dan esku pelotatik bizitzeraino.
Kirola ez da betiko eta azken lau urtietan osteopatiako ikasketekin nabil buru-belarri. Laister osteopatia zentru bat zabalduko dot, bizitzako beste etapa bati hasiera emanez.
Baina pelotari ibilbidia ez da neria bakarrik izan. Lagun on batek sare sozial baten idatzi zeban bezela “danon bizitzako parte bat izan da”. Plaentxiar askoren parte. Asko zarie gure herrixa telebistan nahiz egunkarixetan agertzia eskertu dostazuenak. Eta ni horrekin geratzen naiz. Pozak eta negarrak izan dittut, garaipen ahaztezinak eta porrot eta lesio garratzak. Baina herritar askoren animu, esker on, kariño eta apoiuakin geratzen naiz.