EH Bilduk aurkeztu du bere hautagaien zerrenda

Erredakzioa 2015ko api. 19a, 21:36

EH Bildu hautagaiak1Unai Larreategi alkategaiarekin batera Roke Akizuk, Lorea de Castrok, Ainhoa Unamunok, Xabier Arribillagak eta Iosune Egañak osatuko dituzte zerrendako lehen sei postuak. Lan-talde "esperientziaduna, berritua, gaztea, freskoa eta ilusioduna" dela nabarmendu dute.

Zerrenda osatuko duten gainerako herritarrak Jone Alberdi, Roman Maiztegi, Txaro Lete, Mikel Santiago, Hiart Arluziaga, Mikel Argarate, Maite Narbaiza eta Jose Luis Arizaga izango dira.

EH Bilduk zabaldu duen oharrean dioenez "legegintzaldi berrirako dituzten erronkei erreparatuz" osatu dute lan taldea. "Soraluzeren biziberritzeko oinarri sendoak prestatu ditugu legegintzaldi honetan eta hurrengoetan horiek garatzea dagokigu. Horretarako lantalde berritua, gaztea, freskoa eta ilusioduna osatu dugu. Udal kudeaketan esperientziaduna eta azken urteetan egindako lanaren bermearekin gainera", adierazi dute.

Lan-taldea eta zerrendak osatzeko herritarrengandik jaso duten harrera ona ere eskertu dute blogean argitaratu duten oharrean: "EHBildun lanean dihardugunok harro gaude osatu dugun lan- taldearekin. Azken urteetan Soraluzeko EHBildutik politikagintza eraldatzeko egindako jarduna herritar askok begi onez ikusi du eta horren ondorioz lan-taldea osatzeko prozesuan jendearengandik gertutasun eta prestutasun bete-betekoa jaso dugu. Eskertzekoa benetan."

Hauteskundeetako programa datozen egunetan zabalduko dutela ere jakinarazi du EH Bilduk, "herritarrek legegintzaldi honetan helarazitako proposamenez osatutako herri programa" dela aurreratu dute.
Informazio gehiago:
https://bildusoraluze.wordpress.com/