Iñurrietatarrona familia ezaguna da herrian, beste gauza batzuen artean oso familia euskalzalea izatearren. Zela bizi izan duzu euskalzaletasunaren transmisio hori?
Guk euskara, gurasoei esker, etxean jaso dugu, gure ama hizkuntza izan da, etxeko hizkuntza, beraz, kontu hau oso natural bizi izan dugu. Txikitan jada, hitzez adierazi gabe ere, bagenekien ez zela posible etxeko hizkuntza beste bat izatea, euskara guretzat geure izatea baitzen, eta da, eta ez komunikazio tresna huts. Gainera, euskaldun izate hori txiki-txikitatik harrotasun handiz bizi izaten irakatsi ziguten.
Iñurrietatarrak oso kontu-kontariak izan dira, eta beti transmititu nahi izan dizkigute beraiek bizitakoak, umetako kontuak, gerrako kontuak,... eta euskalduntasuna eta abertzaletasuna batera joan dira transmisio horretan. Honek guztiak hondarra utzi du.
Eta gauza bera egin dut neuk ere Bilboko etxean. Orain alabatxoarekin bizi naiz eta berak ere oso natural bizi du euskaldun izatea. Senarra zenak eta biok euskaltegiko ikasle zela ezagutu genuen elkar, eta hasiera-hasieratik erabaki genuen gure arteko hizkuntza euskara izango zela. Oso bide polita eta gozagarria izan zen. Berehala ikasi zuen. Ikasten ari diren eta pausua ematen ausartzen ez diren guztiak animatzen ditut proba egitera, ondo pasatzeaz gain, gaizki-ulertuak direla eta, barre pila bat egingo baitute. Eta lorpena izugarria da.
Zela gogoratzen duzu txikitako eta gaztetxotako Soraluze hizkuntzaren aldetik?
Txikitan, ikastolan ikasteko zortea izan nuen. 1965ean jaio ginen umeok hirugarren promozioa osatu genuen. Honetan ere, sekulako zortea izan nuen, gurea izan baitzen OHOko 8.kurtsorarte egin ahal izan zuen 2.promozioa. Garai hartan, ikastolaren hastapenetan oso ume gutxi genbiltzan ikastolan. Gehienak Eskola Nazionaletara joaten ziren eta A ereduan ikasten zuten. Biztanleriaren artean ere etorkin asko ere asko. Pentsa zenbatekoak izango ziren euskararen ezagutzari buruzko kopuruak Soraluzen! Gero, Elgoibarko Institutura joan ginen bertan esperientzia pilotoa egiten ari baitziren BBB eta UBI euskaraz emateko. Garai honetan, 14-15 urterekin, ligatzen eta zigarroa ahoratzen hasteaz bat, erdaraz hitz egiten hasi ginen koadrilan. Nagusiago sentitu nahi, eta hiru ekintza horien baturak nagusitasuna ekarriko zigun, nonbait! Adinaren ajeak! Geroago, 17-18 urterekin zentzatu-edo eta euskarara bueltatu ginen.
Herria oso erdaldunduta egonda, nik neuk beti izan nuen zerbait egiteko premia. Ikastolako umeei euskal dantzak irakasten ez bazen, AEKn euskara klaseak ematen, edota Urakapin Euskara Elkartean ahal nuen laguntza ematen,...
Eta orain "diasporatik" zela ikusten duzu?
Oraindik ere ez dut plaentziartasuna galdu, e? Eta galtzerik espero ere ez. Ni beti izango naiz plaentziarra eta gogotsu eta interes handiz jarraitzen ditut Soraluzeko gorabeherak.
Gure garaian batez ere intuizio hutsez ibili ginen herrian zerbait egin nahian euskaratik, eta gaur egun, ordea, badakit jakintza duen talde sendo bat dagoela, oso ondo lan egiten ari dena eta herrian euskararen presentzia nabarmen dela nonnahi: umeen aisialdian, kurtur eskaintzan,... Eta hori gauza handia da, eta ikusi egiten da baita Bilbotik ere.
Soraluzetik Bilboraino joango da aurten Korrika, zu bezala. Zela bizi izan zenuen zuk Soraluzetik Bilborako aldaketa?
Bilbora etorri nintzenean, 1986an, banekien nora nentorren, ezagutzen nuen Bilbo eta, beraz, ez nintzen harritu hiri erdalduna aurkitzeaz. Lanean lankideekin eta ikasleekin euskaraz mintzatzen nintzen, eta baita etxekideak ziren lagunekin ere. Ez nuen nire bizitzan aldaketa handirik sufritu euskalduntasunaren aldetik. Soraluzen, herri erdaldunduan euskaraz bizi nintzen denbora gehienean, eta Bilbon, hiri erdaldunean euskaraz bizi nintzen eta bizi naiz. Dena den, badakit egoera hau ez dela ohikoena Bilbon, baina niri horrela suertatu zait, zorionez!
Bilbon helduak alfabetatzeaz gain euskalduntzeko egitasmo zabalagoa lantzen duzue. Zela euskalduntzen eta ahalduntzen duzue jendea?
Gure ustez euskalduntzea bera bezain garrantzitsua da Euskararen Herria ezagutzera ematea, eta horretan saiatzen gara, hain zuzen ere. Ikasleek hizkuntz gaitasuna lortu ahala, kultur eskaintza zabala egiten diegu, geure kantari, idazle, bertsolari,... ezagut ditzaten eta beraiekin goza dezaten. Gainera, esparru desberdinak sortzen saiatzen gara, alde batetik guretzat, eta bestetik ikasleentzat, beraien harreman-sareak euskaraz zabal daitezen. Euskararen ezagutza ezin baita mugatu egitura gramatikaletara. Euskaldunon mundu ikuskera eskura jartzea eta etorkizun batean ikasleek euskararen aldeko hizkuntz hautua egitea izan behar baita helburua.
Azken urteotan zertan aldatu da euskaltegien jarduna, gerturatzen den jendearen perfila... zein dira erronka berriak?
Zoritxarrez oraindik euskararen beharra ez da arlo guztietara hedatu. Euskararen zabalkunderako plangintza oso baten faltan, euskararen beharra gizarteko arlo guztietara hedatu beharrean: aisialdia, denda, taberna, familia,... administrazioko sail batzuetara baino ez da eraman, funtzio publikora. Beraz, euskaltegiko ikasleen artean denetik dago, gizartean dauden profil guztiak, baina aipaturiko plangintza ezak bere eragina du.
AEKkoak ez diren euskaltegietan zela bizi duzue Korrika?
Gaur egun, Euskal Herri osoan zuzenean bizi dugun festa eta eskaintza kultural izugarria da. Aurten ere, espero dut bertan izatea lankide eta ikasleekin korrika egiten eta gozatzen.
Herriko euskalzaleendako mezuren bat?
Asko ere asko geratzen zaigu egiteko, baina guk merezi dugun bidaia da, eta ondorengoei zor dieguna.