2013ko Gazte Danbadaren jaialdiaren ekitaldi nagusian esandakoengatik epaituko dituzte Gotzon Elizburu, Irati Sienra, Maialen Etxeberria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugerza eta Mikel Moreno Ernaiko kideak eta eurekin batera Periko Solabarria ezker abertzaleko militante ezaguna eta Iraitz Salegi Topatu-ko kazetaria. Guztiei, “terrorismoari gorazarre egitea” egozten diete eta fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak urte eta erdi eta bi urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte.
Jo ta ke esatea frogatzat
Fiskalak egindako txostenean; Lopez Peña "preso politiko" izendatu izana, “jo ta ke” esamoldea erabiltzea eta horrela borroka armatuaren jarraipenaren alde azaldu izana egozten diote Gotzon Elizbururi. Bere interbentzioak iraun zuen bitartean publikoak “gora ETA militarra”oihukatu izana ere aipatzen dute txostenean. Topatu.info webguneko kideei berriz ekitaldiaren jarraipena egiteagatik leporatu diete “terrorismoa goratzea”.
Gotzonen esanetan "gure berbak nahierara interpretatzen dituzte eta esan ez baina euren ustez adierazi nahi omen genuena aurkezten dute akusazioaren froga moduan. Jo ta ke esamoldea erabili izanagatik nik borroka armatuaren itzulera eskatzen nuela esaten dute txostenean eta han zegoen jendearen artean ETAren aldeko oihuak egin zirela, eta guri egozten digute horren ardura. Guzti horrek ez dauka zentzurik, epaiketa politiko hutsa da. Guk egin genuena espetxe politika salatzea izan zen".
Datozen egun eta hilabeteetan Soraluzeko LIBREk (eskubide zibil eta politikoen aldeko herritar mugimenduak) epaiketa politikoa dela salatu eta bertan behera gelditu dadin eskatzeko ekimenak antolatuko ditu.