"Amestutakoa lortu ondoren" eta esfortzuaren eraginez gorputzean dituen lesioek, urtebeteko atsedena hartzera behartu dute; hala ere aipatu du entrenatzen jarraituko duela eta aurtengo denboraldian pilotuen bozeramaile lanak egingo dituela.
Duela 14 urte lagun batek gonbidatuta igo zen lehenengoz 'quad' baten gainera Joseba Ramos eta 10 urte pasatu dira lehenengo lehiaketan parte hartu zuenetik. Bi modalitatetan aritzen da: iraupen eta quad krosean. Lehenengoan lasterketek bi orduko iraupena dute, bigarrenean 15 minutu eta bi bueltako denbora; bietan helmugara azkarren heltzen denak irabazten du.
Irabazi eta erretiratu
10 urteko ibilbidean ez dira gutxi Ramosek lortutako garaipenak: iraupeneko lasterketan lau aldiz izan da txapeldun eta krosean ere 2014an lortu du lehena izatea "krosean beti bigarren eta hirugarren sailkatu naiz eta buruan sartuta neukan lehena izatea nahi nuela, azkenean lortu dut". Amestutakoa lortu ondoren eta gorputzean dituen lesioak tarteko, urtebetez behintzat, erretiroa hartzea erabaki du eta otsailean hasiko den denboraldian ez da lehiatuko. Hala ere, entrenatzen jarraituko duela eta motorren federazioan pilotuen bozeramaile lanak egingo dituela azaldu du.
Entrenamenduak eta lesioak
'Quad'-eko pilotu izateko fisiko ona izatea ezinbestekoa omen da: "200 kiloko pisua du 'quad'-ak eta berau maneiatzeko indarra izatea ezinbestekoa da. Ia egunero gimnasiora noa eta astean zehar egun batean behintzat eta asteburuan zirkuituan entrenatzea eskatzen du. Lesioak ere ugariak dira eta errekuperazio ona eta azkarra exijitzen dute, lehiatzeko gorputza puntu-puntuan egon behar da eta". Erorien ondorioz ebakuntza ugari egin behar izan dizkiote eta hauetatik "erabat errekuperatu gabe" dagoela esan du. Lehiatu ahal izateko kilometro ugari egindakoa da Ramos: "Gasteizen entrenatzen dugu baina lehiaketak Errioxan, Zamoran, Erriberan... izaten dira eta esfortzu fisikoari ekonomikoa ere gehitu behar zaio; sakrifizio handia eskatzen duen kirola 'quad'-a.
Masajistaren eta babesleen laguntza
Kirol ibilbidean zehar laguntasun handia izan du Ramosek "Oier Oregi masajistak ordu asko eta asko eskaini dizkie nire lesioei eta berari esker lehiatzeko forma onean mantendu naiz. 'Quad'-eko gastuei aurre egiten Garages Garciak-eko lagunek, Lazkaoko Zure moto dendak eta DCL metrologia enpresak lagundu didate, euren babesari esker iritsi naiz txapeldun izatera". Esker oneko hitzak ditu baita ere familia eta inguruko lagunentzako, ez ordea 'quad'-eko zale batzuentzako: "kaleko jendeak uste du 'quad'-eko erabiltzaileak mendia apurtzen dugun horrek garela, eta oker daude. 'Quad'-a zer den eta zertarako erabili behar den ulertzen dugunok espresuki egokitutako piztetan aritzen gara, mendigainean ibiltzeak kalte handia sortzen duela ulertzen dugulako". “Zirkuituetatik kanpo aritzen diren horiei benetako lehia probatzera gonbidatuko nieke, ‘quad’-an gaineko abilezia lasterketetan erakutsi dezatela”.