Iker Aldazabal izango da EAJren alkategaia

Erredakzioa 2015ko urt. 29a, 09:59

MarkelOlanoIker Aldazabal

Soraluzeko EAJ-PNVk atzo aurkeztu zuen Iker Aldazabal maiatzeko udal-hauteskundeetarako alkategai moduan. Markel Olano, EAJ-PNV-ren Gipuzkoako diputatu nagusigaia ere herrian izan zen atzo, eta bere babesa adierazi zion. Biek ala biek, industria arloak herrian eta bailaran duen garrantzia eta erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zuten.

Goizean Iker Aldazabal EAJ-PNVren alkategai eta Soraluzeko jeltzaleen hautagai-zerrendako beste hainbat kiderekin elkartu zen Markel Olano, "Soraluzeko egoera eta jeltzaleek hurrengo legealdian garatu nahi dituzten proiektuak eta erronkak ezagutzeko". Oruesagasti eta Iterga enpresak bisitatu zituzten, eta ondoren, elkarrekin prentsaurrekoa eskaini zuten Batzokian.

Iterga

ORUESAGASTI

Iker Aldazabalek ekonomia suspertzeko neurriak hartu beharra azpimarratu zuen: "Krisiak gogor jo du Soraluze. Herrian dagoen langabezi-tasa handia ikusi besterik ez dago. Horri aurre egiteko, EAJ-PNVk segidakoa proposatuko du: Industria eta Ekonomia Garapeneko batzordea sortzea".

IkerAldazabal1

Aldazabalek batzordea Alkatetzaren mende legokeela eta helburu nagusia Soraluzen lanpostu berriak sortzea litzatekeela adierazi zuen: "horretarako, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana sustatuko dugu, hain zuzen ere, Udalaren, Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Debegesaren (Debabarrenako Garapen Agentzia), eta empresen, merkatarien eta ekintzaileen arteko elkarlana. Horrenbestez, herrian garatu beharreko politikak ezarriko ditugu lanpostu berriak sortzeko".

Bestalde, EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu nagusigai Markel Olanok, honakoa adierazi zuen: "Hasieratik, Soraluze herri industriala izan da. XV eta XIX mendeen artean armagintza oso garrantzitsua izan zen – hortik bere izena, Placencia de las Armas –. Gaur, ordea, ez dugu armak nola egiten diren ikusi, baizik eta torlojuak eta doitasun mekanizatuak nola egiten diren ikusi dugu".

Olanok Gipuzkoa lurralde industriala dela eta enpresek gizartean funtzio garrantzitsua dutela nabarmendu zuen eta jardun industriala babestearen alde egin zuen: "enpresek Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dute eta, beraz, enpresek aberastatsuna sortzen dute Gipuzkoan, hain zuzen ere, ondoren ahalik eta modu orekatuenean banatu behar den aberastasuna".

Kritikak Bilduren politikari

Aldazabalek Bilduk Soraluzen eta Gipuzkoan egiten diharduen politika industriala kritikatu zuen: "enpresak ikusten ditu dirua biltzeko tresna bezala. Bilduk arlo publikoaren aldeko apustua egiten duela esan duen arren, Soraluzen enpresa pribatua kontratatu du herriko enpresei zerga-ikuskapenak egiteko. Beraz, agerian gelditu da, Bilduk ez duela enpresen babesa lehenetsi krisialdian".
Bi hautagaiek bat egin zuten Bilduren politika kritikatzerako orduan: "EAJ-PNVk Gipuzkoako gizarte- eta ekonomia-eragileen arteko elkarlanaren alde egingo du. Eta eredu horrek talka egiten du ezker abertzalearekin, izan ere, ezker abertzaleak liskarra bakarrik bilatu du eta, beraz, erakutsi du enpresatik eta herritarren beharretatik oso urrun dagoela".