Merezitako omenaldia, Katedralean

Erredakzioa 2015ko urt. 1a, 21:32

Aritz Laskurain

Aspe pilota enpresak abenduaren 23an jakinarazi zuen ofizialki herrian jakinekoa zena: Aritzek behin betiko laga duela pelota profesionala. Domeka arratsaldean omenaldia egingo diote Eibarko Astelehenan. Lagunarteak bertaratzeko deia egin die herriko pilotazaleei.

Domeka arratsaldean Eibarko Astelehenan jokatuko den jaialdian egingo diote omenaldia, pilotan egindako ibilbidea aitortzeko. Aritzek 2002an egin zuen debuta profesionaletan eta 12 urteko ibilbidea egin du. Lorpenik esanguratsuenak: hiru aldiz binakako txapeldunorde (2008, 2010 eta 2012); Bigarren Mailako binakako txapeldun (2004).

Hona Aritzek sare sozialetan zabaldu duen mezua: 

"Bukatu da ziklo bat. Aspaldi zekigun baina aldakako arazuak dirala eta pelotako ibilbidia bukatu da. Ta ofizialki esateko eguna be heldu da. Zenbat oroitzapen 7 urte nitxuanetik ikastolako frontoian lehenengo pelotakadak emon giñuzenetik. Profesionaletan be 12 urte pasa. Gozamen eta zailtasun asko. Barre ta negar. Poz ta tristura. Emozio asko. Bizitzako etapa bat oso osorik.
Eskerrik asko bihotzez onduan egon zareten guztiori. Etxekuetatik hasi, pelota eskolakuak, lagunak, lankidiak... Pertsona asko buruan ta bihotzian. Ezin danak aipatu baina besarkada estu bat danori".

Laskurainen Lagunarteak domekan Eibarrera joateko dei egin die herriko pilotazaleei eta datozen hilabeteetan herrian omenaldi "gertukoagoa" antolatzeko asmoa adierazi du.

 

Lasku afizioa2 

  

Domekako jaialdiaren kartel iragarlea, sarreren erreserba egiteko zenbaki eta guzti:

Kartela

 

2012an binakakako finala hirugarrenez jokatu zueneko irudiekin eta pilotazaleen iritziekin osatutako bideoa: