Bestetan baino bingo laburragoa egin zuten atzo Itxaropena elkartean, haren ondoren Gabonetako otarren zozketa eta txistor pintxoak baitzituzten oraindik.
Hala, 17:30ak pasatxo zirenean, Gabonetako otarren zozketari ekin zioten zuzendaritzakoek. Bazkide guztien zenbakiak poltsan sartu eta juntakide bat mahairik mahai joan zen, saridunen zenbakiak ateratzeko esku garbien bila. Pozik entzun zituzten izenak otarren bat tokatu zitzaien bazkideek eta bertan jaso zuten Gabon produktuz ondo betetako opari poltsa.
Bertan ez zeudenei, berriz, telefonoz hasi zitzaizkien deitzen juntakideak, datozen egunotan -bihar, eguena, besteak beste- otar bila joan daitezen. Bitxikeria moduan, otarretako bat 105 urteko Mercedes Pintadori tokatu zitzaion eta otar bana, berriz, Elizburu anaiei.