Atzo ezkero, martitzena, zabalik daude Gabolatseko zubi berria eta Baltegietako SAPA ondoko errepidea ibilgailuendako. Azken asteotan itxita izan dira biak ala biak, galtzada-harria birjartzeko SAPA eta Baltegieta 22 arteko errepidean egiten ari diren lanengatik, baina dagoeneko hormigonatu dute errepide zati guztia eta erabaki dute Gabonetan, behintzat, horrela laga eta zirkulaziorako zabaltzea. Gabonak pasatutakoan hasiko dira galtzada-harria jartzeko azken lanak.
Baltegietako obrak egiten ari den Echaide enpresako obra-buru Alvaro Garciak esplikatu duenez, hasierako obran aurreikusi bako bestelako lan batzuk egin behar izan dituzte asteotan, saneamendu kontuekin lotuta, batik bat. Behin horiek eginda, hormigoia bota dute, gero jarri beharreko galtzada-harrien zein harlauzen alturara, etxeengandik 1,5 metrora.
Gabonetan, horrelaxe egongo da inguru hura guztia, eta, beraz, ibilgailuen joan-etorria librea izango da. Eta ondoren, esparrua berriro ere itxi eta errepide zati guztian galtzada-harriak jarriko dituzte, lehenagotik bertan zeudenak.