Iraitzek eta Ainhoak ez dute ahazteko Akelarre taldea eta euren aitak, Juan Luis Ibarzabalek, taldearekin egin zuen musika ibilbide oparoa. Izan ere, Juan Luis Ibarzabal plazentziatarra talde mitikoaren sortzaileetako bat izan zen eta 1972tik 1982ra bitartean taldearen teklista.
Iraitzek gogoratu duenez, Ramon Pia izan zen Akelarre izena proposatu zuena, Ramon Aranzastirekin eta bere aitarekin batera Los Mansos taldean entsaiatzen zuten garaian: "Gure amak kontatzen du zela komentatu zuten etxean taldeari 'Loreak' izena ipintzeko aukera. Gero Ramon Piak Akelarre proposatu zuen eta horrelaxe jarri zioten".
Iraitzen eta Ainhoaren esanetan, euren aitak beti mantendu zuen harremana Akelarre taldearekin: "Aitak taldea 1982an laga zuen. Ordurako bi disko zituzten argitaratuak: Asfaltuko lorea 1980an eta Gau Pasa 1982an. Hain zuzen, aitak azken kontzertua 1982an eskaini zuen udaletxe azpian. Egun hartan Ange Duhalde zen kantaria. Taldea laga ostean, ondorengo lau-bost urteetan, taldearen manager lanak egin zituen eta ardura hori laga eta gero ere, urtero joaten zen taldeko kideekin bazkaltzera". Iraitzek gogoratu duenez, bera jaio zen egunean, 1979an, aitak Akelarrerekin jotzen ziharduen Elizondon, "hortik atera kontuak nolako konpromisoa zuen taldearekin".
Anai-arrebak "oso harro" daude euren aitak eta Akelarre taldeak egin zuen ibilbideaz: "Akelarre gure bizitza izan da. Etengabe entzun ditugu etxean Akelarreren kantuak eta asko buruz dakizkigu".
Dagoeneko bi aldiz ikusi dute dokumentala eta bietan hunkitu dira: "Lehen aldiz Lekeition ikusi genuen, estreinuan eta orain Durangon ikusi dugu berriz. Bietan hunkitu gara, oroitzapen asko ekartzen dizkigulako burura".

Orohar gustura daude dokumentalarekin baina aukeran tarte gehiago emango liokete taldearen hasierako urteetako ibilbideari: "Guk uste dugu hasierako urteetako ibilbideak leku gehiago behar zuela dokumentalean baina ulertzen dugu ez dela erraza horrenbeste urtetako ibilbidea kontatzea ordu eta erdiko lan batean. Kontuak kontu dokumentala asko gustatu zaigu. Egin duten lana oso polita da". Bestalde uste dute azpimarratu beharra dagoela taldea Soraluzen sortu zela: "Akelarre Soraluzen sortu zen eta Soraluzeko talde bat da. Guk beti erreibindikatuko dugu hori".
Azkenik dei egin diete plazentziatarrei gaur arratsaldean Akelarre, Marearen kontra dokumentala ikustera joan daitezen Antzokira.