Akelarre musika taldearen historia kontatzen duen dokumentala gaur Antzokian

Egoitz Unamuno 2025eko abenduaren 12a

Gaur arratsaldean, Akelarre, Marearen kontra izeneko dokumentala proiektatuko da Herriko Antzokian. Ikusentzunezkoak 70. hamarkadan Soraluzen sortu eta 30 urtez egindako ibilbide oparoa kontatzen du. Proiekzioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Ikus trailerra. 

Akelarre musika taldea 1972an sortu zuten, Soraluzen, ordura arte Los Mansos taldean ibilitako hainbat musikari eta Iñaki Arriaran abeslaria batu zirenean. Ramon Aranzasti (baxua) eta Juan Luis Ibarzabal (teklatua), Jose Cambronero (gitarra), Iñaki Arriaran (ahotsa), Jose Antonio Ruiz (biolina) eta Ramon Pia (bateria) izan ziren Akelarreko hasierako taldekideak. 

70 eta 80ko hamarkadetan, Akelarre Euskal Herriko plaza talderik arrakastatsuenetakoa izan zen, Egan-ekin batera. Guztira, 15 disko grabatu zituen. Azkena 2005ean, 1972-2005 Zuzenean izenekoa, Oialume dantzatokian grabatu zuten zuzeneko azken kontzertuari dagokiona. 

Taldeak bere ibilbidea amaitu eta hogei urtera Bideografik ekoiztetxeak 85 minutuko ikusentzunezkoa grabatu du talde mitikoaren historia kontatzeko. Bertan, ibilbidean zehar taldekide izan ziren hainbat pertsonaren kontakizunak eta garai bateko grabazioetako irudiak jasotzen dira. 

Gaur arratsaldean, aukera bikaina izango da Soraluzen sortu zen talde mitikoaren ibilbidea gogoratu edo ezagutzeko. 20:00etan Antzokian.  

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.