Julio Mendikutek ‘Kimigramak basoan’ erakusketa aurkeztu du eoliken gaineko alegatu eta guzti

Egoitz Unamuno 2025eko abenduaren 10a

Joan zen bariku iluntzean inauguratu zuen Julio Mendikutek ‘Kimigramak basoan’ izeneko erakusketa Oreka Art Galerian. Hogeiren bat herritar hurreratu ziren Gabolats kaleko aretora, tartean, senideak, lagunak, udal ordezkariak eta hainbat artista. Bertan, Mendikutek bi motatako artelanak ipini ditu ikusgai, batetik, kimigramak, argazkiak errebelatzeko likidoekin sortutako irudiak eta bestetik, egurrezko eskulturak. Aurkezpenean, artistak herriko proiektu eolikoen inguruko gogoeta kritikoa egin zuen. 

Arrizabalaga baserriko artistak azaldu zuenez, kimigrama argazkigintzari lotutako teknika berezi bat da. Kamerarik erabili gabe, irudiak sortzen ditu, argiarekin, paperarekin eta errebelatzeko likidoekin: “gai kimikoekin margotzea da”. Horrela sortzen ditu “bakarrak eta errepikaezinak” diren irudiak, modu “esperimentalean”.

Egurrarekin lantzen dituen eskultura “esperimentalak”, berriz, mota askotakoak dira: “Badira ikutu afrikarra dutenak, polikromiak, geometriak, iraun dezaten erretakoak…”. Material aldetik, hainbat egur mota erabiltzen ditu: haritza, pagoa eta gerezia. “Egurra material atsegina da, lantzeko erraza, bizirik dago. Egurra da erraz aurkitzen den materiala. Esaterako, gerezi egurrarekin egindako pieza Zabaleta baserritik ekarritako gerezi egurrarekin egindakoa da”. Influentziei dagokienez, Mendikutek hainbat euskal eskulturgile aipatu zituen bere lanean eragina izan dutenen artean: Oteiza, Mendiburu, Basterretxea, Koldobika Jauregi… 

Azkenik, Mendikutek gogoeta bat egin nahi izan zuen energia berriztagarrien inguruko proiektuen gainean: "Aurreko erakusketari "Basoa isilik" izena jarri nion baina orain basoa ez dago isilik, sei lantza sartu dizkiote. Hori ezin dugu permititu. Errota eolikoez dihardut. Errota bat hirurogei solairu dituena. Etxe batek hiru-lau solairu izan ditzake eta errota honek hirurogei ditu. Badator Sevillako enpresa bat, energia saltzen dio elektrika bati eta hemen zer? Hemen gelditzen gara basoa hutsik dugula. Horixe!".  

Erakusketan ipinitako obra guztiak salgai daude eta urtarrilaren 6ra bitartean ikusi ahalko dira Oreka Art aretoan, astelehenetik barikura bitartean, aurrez hitzordua lotuta 635 706 690 telefonoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.