Denetariko argazkiak ikus daitezke Eli Etor Lakuestaren azken erakusketan, ospakizunenak, kuadrillenak, karta-txapelketenak, txirrindulari lasterketenak, Soraluze elurtuta, Finalista Eguna, prozesioa, Maltzagako istripuarenak… Kontrargi Argazki Kolektiboak atondu ditu 52 erretratu 35 markotan eta Gabonak bukatu arte izango dira ikusgai.
Herritarrekin batera identifikatu
Bestelako erakusketetan egin ohi dutenez, argazkiak banan-banan daude zerrendatuta, eta, gehienetan, haietako protagonistak edo gertakariak identifikatuta ere bai. Baina hutsune batzuk ere badira, eta, haiek herritarren laguntzarekin bete nahi dituzte antolatzaileek. Horrez aparte, argazkien kopiak ere eskura daitezke, erakusketaren zaintzaileari galdetzea besterik ez dago.
Ordu askotako lanaren emaitza da Eli Lakuestaren argazki erakusketa. Kontrargiko kideak urte amaieran hasten dira hurrengo urteko erakusketa pentsatzen. Izan ere, Lakuesta familiak Kontrargi Argazki Kolektiboari dohaintzan eman zizkion haren argazkiak, 60.000 bat argazkiko fondoa. Argazkiak banan-banan eskaneatzen ari dira urteotan, eta, besteak beste, urtero antolatzen dute haien mostratxo batekin osatutako erakusketa.
Herritar asko erakarri ohi du Kontrargiren erakusketa horrek eta gainera, herritarrek denbora luzea ematen dute hura ikusten, erakusketa kuttuna izan ohi da.