Aldundiak 2026ko egutegiaren aleak banatuko ditu zapatuan Soraluzen

Erredakzioa 2025eko abenduaren 10a

2026ko egutegia osatuko duten irudien aurkezpen ekitaldiko irudia. Arg: GFA

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, eta Soraluzen ere banatuko dituzte.

Aldundia gaur (abenduak 9) hasiko da 2026ko foru egutegia doan banatzen, Donostiako Gipuzkoa plazako Foru Jauregiko arkupeetan. Ondorengo egunetan lurraldeko udalerri guztietara eramango duen ibilbide bat hasiko dute, abenduaren 19ra arte. 
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, iazko banaketaren "arrakastaren" ondotik dator bigarrena: "Lehen aldiz egutegia Gipuzkoa osoan banatu zen iaz, eta udalerri guztietara joango gara berriro; bereziki esanguratsua den urte honetan lurralde osora iritsiko dela bermatzeko, Aldundiaren egutegiak Gipuzkoaren begirada eta balioak jasotzen baititu". Aurtengo egutegiak Gipuzkoako balioak ditu oinarri, Ekin. Zaindu. Bizi. leloarekin jasoak.

Egutegiko irudiak aukeratzeko lehiaketak bere parte-hartze errekorra hautsi du aurten, 1.073 argazki jaso baitituzte. Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak 17 irudi finalista aukeratu zituen, kalitate teknikoagatik, narrazioaren indarragatik eta lurraldearen berezko bizimoduak eta balioak islatzeko gaitasunagatik. Horien artean, 13 irabazle hautatu zituzten, eta 2026ko egutegiko azalaren eta hamabi hilabeteen protagonista dira.

Debabarrenean, honako egunetan banatuko dituzte:

  • Abenduak 12

         Eibar. Untzaga plaza. 16:30-18:30

  • Abenduak 13
    Soraluze. Zaharra plaza. 10:00-11:00
    Elgoibar. San Frantzisko kalea. 11:30-12:30
    Mendaro. Herriko enparantza. 13:00-14:00
    Mutriku. Txurruka plaza. 16:00-17:00
    Deba. Foruen plaza. 17:30-18:30

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.