Atzo, zapatua, Bilbotik etorritako The Mississippi Queen & The Wet Dogs bandak zubian elkartu zen publikoa konkistatu egin zuen. Ines Eleuteriak ahotsean duen indarra eta kantatzeko minberatasuna erakutsi zituen, Aitor Zorriketa gitarra-jolearen doinuek inguratuta. Haien musika borobiltzen, Mikel Nuñezen hatzaparrek teklatuan dantzan egin zuten, Jon Carranza baxu-jolearen eta Ander Alonso bateriaren erritmora.
Kontzertu indartsu zein goxoa eskaini zuen atzo The Mississippi Queen & The Wet Dogs bandak Zubi Nagusian. Taula aurrean dantzan izan zituzten Soraluzeko zein kanpotik etorritako musikazaleak.
Talde bizkaitarrak erakutsi zuen baduela eskarmentua taula gainean eta maila altua musika beltzean, besteak beste, 10 urteko ibilbideak emandakoa. Lehen diskoko, Try My, zein bigarreneko Phoenix kantak tartekatu zituzten eta gertutasun handia erakutsi zuten ikusleekiko.