Goxo bazkalduko dute barikuan 80 urtetik gorakoek

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 19a

Barikuan, 85 lagun elkartuko dira Itxaropena Erretiratuen Elkartean, 80 urtetik gorakoen omenaldian. 14:00etan hasiko dute menu gozoa izango duen bazkaria eta bazkalostean egingo dute omenaldia. Aurten, Emilia Altuna eta Santiago Garcia omenduko dituzte. Musikarekin borobilduko dute hitzordua.

Barikuan, 80 urtetik gorako bazkaltiarrekin batera, mahaiaren bueltan elkartuko dira Soraluzeko Udaleko ordezkariak, alderdi bakoitzeko bana, Unai Larreategi alkatea tartean. Eta baita Gurutze Gorrikoak bi lagun ere. Guztira, 83 pertsona eseriko dira mahaiaren bueltan.

13:30ean zabaldu 

14:00etan hasiko da bazkaria, baina iragarrita dagoen eguraldi eskasa kontuan hartuta, 13:30ean zabalduko dituzte Itxaropenako ateak bazkaltiarrak sartzen has daitezen. Menu gozoa izango dute, Sarayolatik ekarritakoa: esparragoak, otarrainxkak, txanpinoi kazolatxoa, piper beteak arrainarekin eta masailak. Baita postrea ere.

Bazkaltzen amaitzen dutenean, ohi denez, bi lagun omenduko dituzte. Aurten, Emilia Altuna eta Santiago Garcia izango dira omenduak eta opariak eta bertso bana emango dizkiete.

Eta bazkaria borobiltzeko, Itxaropenako juntakideek DJ lanak egin eta musikaz girotuko dute bazkalostea, nahi duenak abestu, nahi duenak dantzatu edo nahi duten parranda egiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.