Blues Hotsak 2025

Swing kontzertu-dantzaldi ikusgarria

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 18a

Domekan, dozenaka herritar eta bisitari erakarri zituen Erromintxelak talde mondragoetarraren musika-dantzaldiak. Plaza Barrixan zirkulua eginda, kantaldia entzun eta swing-arekin jostari dantzatu ziren Carla Gomez eta Marti Elias dantzarien ikuskizunaz gozatu zuten ikusleek ordubete inguruz. Elkartu ziren Dolmenen Ibilbidean parte hartu zutenak, Baso Biziak-en landaketan lan egin zutenak zein oro har, kontzertua bera ikustera bertaratu zirenak. Argazkiak eta portadako bideoa: Blues Hotsak. Barruan entzungai When you smiling kantua eta ikusgai foto-galeria.

Domekan, modu ikusgarrian taularatu zituzten swing doinuak Plaza Barrixan. Musikari finak izan ziren batetik eta haien ikuskizuna janzten, Gasteizko Paso Triple swing eskolako dantzari-irakasleak bestetik.

Instrumentu bereziak ere bai

Iturriko plataforman izan ziren musikariak, zein baino zein iaioago instrumentu ezagun eta ez horren ezagunak interpretatzen. Deigarria izan zen, esaterako, Jokin Vitoria perkusio-joleak maisuki erabili zuen asanboard instrumentua edo Iñigo Zubizarretak atzaparrak abiada bizian mugituz jo zuen manux gitarra. Hori guztia borobiltzen, musikan eskarmentu luzea duten profesionalak izan ziren.

Plazaren erdian, berriz, Carla Gomez eta Marti Elias Gasteizko Paso Triple swing eskolatik etorritako dantzariak izan ziren. 1920ko hamarkada inguruko jantziekin dotoretuta interpretatu zituzten lindy-hop, Balboa, jazz eta klake estiloko dantzak interpretatu zituzten.

Musikariak eta dantzariak ez dira talde berekoak eta lehen aldiz jardun zuten elkarrekin Plaza Barrixan. Esan zutenez, asko gustatu zitzaien Soraluzeko plaza.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.