Elgoibarren eraikiko duten osasun zentro berriak sei solairu izango ditu, eta 2.251 metro karratu baino gehiagoko azalera. Kalebarren plazan kokatuko da; zehazki, merkatu plaza dagoen tokian eraikiko dute zentro berria, 400 metro koadroko lursailean. 6.831.349,23 euroko inbertsioa egingo dute, martxoan hasi nahi dituzte obrak eta aurreikusitakoaren arabera, 26 hilabetean bukatuko dituzte.
Xehetasunen arabera, hainbat area espezifiko berri izango ditu: emakumeentzako arreta, miaketa ekografikoa, fisioterapia eta errehabilitazioa, esaterako. Gaineratu dute Medikuntzako eta Erizaintzako kontsulten kopurua “nabarmen handituko” dela eraikin berrian.
Soraluzetarrendako ere bai
Orotara, honako zerbitzuak aurreikusi dituzte bertan jartzeko:
- 26 kontsulta mediko eta Erizaintzako kontsulta.
- Administrazio-eremua.
- Familiako Medikuntza eta Pediatria.
- Emakumeen arretarako eremua, emaginaren kontsultarekin, Ginekologiako kontsultarekin eta hainbat laguntza-gelarekin. Horri esker, emakumeen osasunean arreta integrala eskaini ahal izango da, eta haurdunaldiko, erditzeko eta erditze ondoko prozesuen jarraipena indartu.
- Fisioterapiako eremua, kontsulta bat eta errehabilitaziorako tratamendu eta -ariketetarako gela espezifiko bat izango dituenak. Hala, egungo eskaintza hobetuko eta patologia muskuloeskeletikoak dituzten pazienteen errekuperazioa erraztuko da.
- Sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdietako gela, edoskitze-gela eta erditzea prestatzeko gela.
- Osakidetzako langileentzako guneak eta bilerak, koordinazioa eta prestakuntza egiteko eremu komunak.
Esplikatu dutenez, Elgoibarko zentroan “osasun-arreta hurbilagoa eta eskuragarriagoa eskainiko die Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren 18.000 pertsona ingururi”.
Ginekologia, fisioterapia…
Xehetasunen arabera, "Soraluzeko osasun‐zentroak bere ohiko zerbitzuak mantenduko ditu: erizaintza, pediatria eta medikuntza orokorra, eta horien artean ginekologiako zerbitzuak ere bai. Gaur egun bezala, ginekologiako kasu espezializatuagoetan, Soraluzen bizi diren emakumeek Elgoibarko anbulatorio berrira joateko aukera izango dute; oraingo honetan, ordea, instalazio berritu, irisgarri eta funtzionalagoetan artatuko dituzte.
Bestalde, zentro berriak Lehen Mailako Arretako fisioterapiako profesionalen talde espezializatua izango du. Zerbitzu hori eskualdean bertan emateak onura nabarmena ekarriko du, izan ere, gaur egun Elgoibar–Soraluze–Mendaroko biztanleek Eibarko Ospitalera joan behar dute tratamendu fisioterapeutikoengatik. Hemendik aurrera, askoz hurbilago eta erosoago izango dute tratamendua jasotzeko aukera.
Anbulatorio berriak, beraz, eskualdeko osasun‐zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea du helburu, bai eguneroko asistentzian, bai zerbitzu espezializatuetan, herritarren ongizatea erdigunean jarriz".