Datorren urteko jaietarako bi erraldoi egin eta horiek dantzatzeko taldea osatu nahi dute

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 13a

Hainbat herritar, eragile eta udal ordezkari atzoko batzarrean.

Abiatu da herriko erraldoiak egin eta konpartsa osatzeko prozesua. Atzo, eguaztena, egin zuen batzarra eragile eta herritar talde batek, Udalak gidatuta. Gonbidatu moduan izan zuten Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsako Joxerra Perez eta aurten 40 urte bete dituen konpartsako esperientziak eta jakintza partekatu zituen bertaratutakoekin. Okerrik ezean, datorren urteko jaietarako bi erraldoi egingo dira eta horiek dantzatzeko taldea osatu. Datozen asteotan, erraldoi horiek ze pertsonaia irudikatuko dituzten aztertuko dute, besteak beste.

Atzo arratsaldean, udal ordezkariak -Unai Larreategi alkatea tarteko-, dultzaineroen eta txistulari taldeko ordezkariak, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsako ordezkaria eta herriko hainbat eragile eta norbanako elkartu ziren KLB8ko lokalean, herriko erraldoiak sortzeko Udalak deitutako bilera irekian.

Udal ordezkariek jakinarazi zutenez, erraldoiak egiten dituzten hainbatekin aukerak aztertu ondoren, Oñatiko Xabi Mendizabalekin ari dira harremanetan, 2026ko Soraluzeko jaietarako erraldoi parea sortzeko. Horrekin batera, inguruko herrietan dauden erraldoi motak erakutsi zituzten, Oñatikoak eta Aretxabaletakoak, besteak beste, eta erraldoien tamaina, pisua, haiekin dantzatzeko beharrezko ezaugarriak... aztertu zituzten, Joxerra Perezen azalpenei esker.

Datozen asteetan landuko dute erraldoi horiek zein lanbide, pertsonai edo izaki mitologikotan oinarrituko diren, beti ere Soraluzerekin lotura dutenak.

Erraldoiak egitearekin batera, horiek dantzatu eta erabiliko dituztenen taldea osatzea ere beharrezko ikusten dute. Atzoko bileran hainbatek interesa agertu zuten eta datozen asteetan jende gehiago biltzen joatea espero dute. Probatu eta ikasten joateko, Perezek prestutasuna agertu zuen Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsako lokalera gerturatu eta bertako erraldoiak probatu ahal izateko.

Oro har, argi laga nahi izan zuten luzera begirako kontua dela eta ardura hartzeko prest dauden gutxi batzuk behintzat beharko direla. Udalak abiapuntua jarri badu ere, bere kabuz antolatu eta funtzionatuko duen konpartsa bat osatzea da helburua. Gaiarekiko interesa duenak Udalera jo dezake, baita datozen asteetan egingo diren bilera irekietara hurreratu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.