Soraluzeko PSE-EEk eskatu du “legea bete" eta kanpaiak gauez isilaraz ditzatela

Erredakzioa 2025eko azaroaren 11

Soraluzeko PSE-EEren udal taldeak gogora ekarri du txosten tekniko baten arabera, kanpaien doinuak legeak ezarritako maila gainditu egiten duela eta eliztarrei eskatu die bizilagunen atsedena errespeta dezatela. Halaber, kezkatuta azaldu da parrokiak uko egin diolako gauez kanpaiak isiltzeari, nahiz eta Udalak halaxe eskatu.

Patricia Borinaga bozeramaile sozialistak gogorarazi du eskaera hori datorrela kanpainek gauez egiten duten zarata dela-eta zenbait auzokidek helarazitako kexu baten ondotik; haren arabera, kanpaiek "zaildu egiten dute, batez ere udan, loa bateratzea".

Borinagak gogora ekarri duenez, kexa horiek Arartekoarengana iritsi ziren, eta hark argibideak eskatu zizkion Udalari.

Horri erantzuteko, Udalak txosten tekniko bat eskatu eta txosten horrek ondorioztatu zuen “kanpaien soinu-mailak gainditu egiten dituela hots-kutsadurari buruzko legeriak ezarritako balioak, zehazki, Zaratari buruzko 37/2003 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren 1367/2007 eta 213/2012 Dekretuek ezarritakoak”.

Legea betetzetik ezin salbuetsi

Baina, Borinagak azpimarratu du “Udalaren gomendioari men egin beharrean, parrokiak erabaki hori bere eliztarren artean kontsultatzea” erabaki zuela, “eta eliztar gehienek gauean kanpaiak isilaraztearen aurka bozkatu” zutela.

Hori ikusita, Borinagak gogorarazi du "barne kontsulta baten emaitzak ez duela legea betetzetik salbuesten, gehiago edo gutxiago gustatzen zaizkigulako, legeak guztiok betetzeko daude".

Era berean, bozeramaile sozialistak gogorarazi duenez, Udalaren zeregina "ez da soilik herritar guztien diruarekin dirulaguntzak ematea", parrokiari erlojua eta kanpaiak konpontzeko eman zitzaion 8.600 euroko laguntza kasu, Soraluzeko PSE-EEk bere garaian kritikatu zuena, "baita indarrean dagoen legedia betetzen dela bermatzeko ere".

Udal Talde Sozialistak "ingurumen araudiarekin eta auzokideen ongizatearekin" duen konpromisoa berretsi du, eta bizikidetza erantzukizunetik eta legeak betetzetik errespetatzearen alde agertu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.