Goizeko bederatzietan, txalaparta doinuekin abiatu da aurtengo Gaztañerre Azoka, ganadurik gabe eta euripean. Dena den, herritar asko hurreratu da azoka gunera eta bertan aukera izan dute barazkiak, gazta, eztia, sagardoa, artisauen produktuak eta baserrien liburuak erosteko eta ikusteko errementaria eta gaztagilea lanean. Gaztetxoenek taloak ere egin dituzte talo tailerrean. Bestalde, sanandrestarrek barra ipini dute eta bertan, gaztainak, saiheskia eta herriko sagardoa dastatzeko aukera eskaini dute.
Omenaldi hunkigarria
Eguerdiko ekitaldia berezia izan da aurten. Urrats dantza taldeko dantzari gaztetxoen saioaren ostean, lehenik Boskoitxi baserriko Maria Luisa Atxa eta Jesus Ariznabarreta omendu ditu udalak, bizitzan zehar baserrian egin duten eta egiten diharduten ibilbide oparoarengatik eta ondoren, Osintxuko Lezarri baserriko Mari Tere Igartza, urte luzez baserriko produktuak saltzera etorri delako Soraluzera. Horrez gain, Urrats dantza taldeko gurasoen izenean, bi partaidek jakinarazi dute umeen dantza taldea eten bat egitera doala eta eskerron mezua irakurri dute Gema eta Itziar Urteaga dantza irakasleek urtetan egin duten eskarpena aitortuz.
Zabale irabazle sagardo lehiaketan
Herrian egindako bost sagardo aurkeztu dira aurtengo sagardo lehiaketara eta herritarrek Zabale baserrian egindako sagardoa izendatu dute aurtengo sagardorik onena. Mikel Oregi 'Letu'-k pozarren jantzi du aurtengo txapela.