Asteon elkartu dira bi erakundeetako ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Soraluzeko bozeramaile sozialista Patricia Borinaga zinegotziaren eskariz egin dute batzarra. “Aspaldi ez genuela Soraluze eta Maltzaga lotuko dituen bidegorriaren gaiari buruzko berririk eta gaia zelan dagoen jakiteko egin dugu batzarra”.
Batzarrean izan ziren Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua, Monica Pedreira, Trantsizio Ekologikoko zuzendaria, Unai Larreategi Soraluzeko alkatea eta Patricia Borinaga PSE-EEren udal taldeko bozeramailea.
Borinagak helarazitako xehetasunen arabera, Asensio diputatuak Soraluzeko udal ordezkariei jakinarazi zien Gipuzkoako Foru Aldundiak baduela eskuartean Soraluze eta Maltzaga lotzeko bidegorriaren proiektu bat. Lehenago ere aztergai izan dituzte beste hainbat, baina proiektua “gauzatzeko zaila da teknikoki”.
Edozelan ere, bidegorri zati horren garrantzia aitortu zien Asensiok, azken batean, hura gauzatuta, erabat lotuta geratuko bailirateke Debagoiena eta Debabarrena eta gainera, aisialdirako eskaintza handitzeaz batera, herritarren mugikortasunean ere lagunduko luke, lanera ere bidegorritik joateko aukera eskainiz.
Beraz, datarik gabe bada ere, proiektu bat badutela eta haren egingarritasuna aztertzen ari direla transmititu zien diputatuak Soraluzeko Udaleko ordezkariei.
Gai berari lotuta, bestalde, Elgoibar-Mendaro-Deba lotuko dituen bidegorria bultzatzeko talde eragilea sortzeko pausoak ematen ari dira Mendaron.