Gaur irekiko dute guztiz N-634 errepidea Deba eta Itziar artean, mendi-hegala egonkortzeko lanak amaitu ondoren

Erredakzioa 2025eko azaroaren 7a

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du gaur (azaroak 7), 18:00etatik aurrera, bi erreiak erabilgarri izango direla. Dena den, Irulearen begiratokia aldi baterako itxita egongo da.

Gaur, barikua, 18:00etatik aurrera, zirkulazio osoa berreskuratuko dute Deba eta Itziar lotzen dituen errepideko bi erreiek, mendi-hegala eta Irulearen begiratokiaren eustorma egonkortzeko lanak amaitu ondoren.

Gogorarazi dutenez, urtarrilaren 27an gertatutako lerraduraren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak bederatzi hilabete baino gehiagoz "konplexutasun tekniko handiko hainbat lan egin ditu" eremuaren egonkortasuna bermatzeko. Mendi-hegalean hautemandako mugimenduen ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan zuten apirilean, eta larrialdiko jarduketa bat aktibatu behar izan zuten; guztira 1,8 milioi euro inguruko inbertsioa behar izan du.

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak esku-hartzearen konplexutasun teknikoa eta egin duten ahalegina azpimarratu ditu: "Eremu bereziki delikatua da, eta obrek teknikoki eta giza baliabideen aldetik ahalegin handia eta inbertsio asko behar izan dute. Arretaz jarraituko dugu tartearen bilakaera, epe ertain eta luzera prebentziozko jarraipena beharko baitu". Hilabete hauetako lanek sortutako eragozpenak ere aitortu ditu Urkolak: "Badakigu jarduera horrek eragozpenak sortu dituela bai bizilagunentzat, bai inguruko enpresentzat, baina lehen unetik segurtasuna bermatzea eta berme guztiekin jardutea izan da lehentasuna".

Fase ezberdinetan

Lanak hainbat fasetan egin dituzte. Hasiera batean, larrialdiko jarduketa bat egin zuten gehien kaltetutako eremua saneatzeko, material ezegonkorrak kenduta eta hormigoizko eustormak instalatuta. Aldi berean, azterketa geoteknikoak egin zituzten, lurrak mugimenduak jasaten jarraitzen zuela eta eusteko neurriak indartu behar zirela baieztatzeko.

Otsailetik aurrera, Aldundiak bigarren esku-hartze handiago bat aktibatu zuen. Orduz geroztik, azaldu zuten buru-belarri jardun direla euste- eta egonkortze-lanetan: "Besteak beste, hormigoiaren proiekzioa, ainguraketen instalazioa, mikropiloteak, habeak, altzairuzko sareak eta mendi-hegala etengabeko monitorizaziorako tresneria jarri da. Instrumentazio horri esker, une oro kontrolatu ahal izan dira lurraren mugimendu posibleak, eta obra behar errealetara egokitu ahal izan da", nabarmendu dute.

Begiratokia aldi baterako itxita

Gainera, baliabideak optimizatzeko eta kalteak minimizatzeko, Irulearen begiratokiko eustorma egonkortzeko obrak egin dituzte aldi berean, kalte estrukturalak baitzituen. Azaldu dutenez, "luizia gertatu aurretik aurreikusita zegoen jarduketa horren bidez, egitura sendotu nahi izan da ainguraketen eta hormigoiaren bidez, eta urbanizazio-lanak eta altzariak birjartzeko lanak egin nahi izan dira. Lan hauek 321.670 euroko aurrekontua izan dute". Nolanahi ere, begiratokia aldi baterako itxita egongo dela ohartarazi dute, berregokitzeko azken jarduketak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.