Elkartasun bete hari-lan

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 5a

Mantak, galtzerdiak, txanoak, umeendako jantziak… denetik egin du Tolarekuan elkartzen den hari-lan solidarioko jostun-taldeak aurten ere. Debako Gurutze Gorriaren bitartez, Ukrainara (Txernobil ingurura), Keniara, Donostiako Emakumeen Zentrora, eta, Caritasen bitartez, mantak eguneko zentroetara bidaliko dituzte. Halaber, eskerrak eman diote Soraluzeko Udalari artileak erosteko emandako 600 euroko laguntzarengatik.

Elkartasuna lantzeaz gainera, adiskidetasuna, aisialdia, jakintza partekatua eta bestelakoak ere lantzen dituzte hari-lan solidario taldean elkartzen den taldean Edozein motako hari-lanak egiten dituzte bertan, Ana Ollaren eta Txaro Fernandezen laguntzarekin, puntuz egindakoak, ehoziriak, kakorratz-lanak… 

Jostun taldean nahi duen edozeinek parte har dezake. Kontatu dutenez, aurten, jende berria sartu da, baita pare bat gazte ere, eta, guztira, 23 bat lagun elkartzen ari dira barikuro, 15:30etik 17:30ak bitartean. Esan dutenez, Bergarako jendeak ere kolaboratzen du eskulanak eginez eta Soraluzeko taldearen bitartez bideratzen dituzte haien lanak behar diren lekuetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.