Margotze-lanak, tiesto gehiago eta jarleku berriak Ezozibiden

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 4a

Gaur eta bihar, lurreko margotze-lanak egiten ari dira Ezozibideko obretan, zebrabideak eta beste, oinezkoei lehentasuna emateko. Ildo beretik, tiesto gehiago ere jarri dituzte. Kasu gehienetan, tiestoek pibote funtzioa beteko dute, besteak beste, garajeetarako sarbidea bermatzeko eta aparkatu ezin den lekuetan aparkatzea galarazteko. Hori bai, hainbat auzotarren iritziz, tiesto larregi dira, batzuetan leku desegokietan jarri dituzte eta ez dira behar den moduan zainduko. Bestalde, jarleku berriak ere eraman dituzte.

Gaur, martitzena, hasi dira lurreko margotze-lanak egiten Ezozibiden eta esandakoaren arabera, bihar bukatuko dituzte; beraz, ordura arte ezin izango dira hango aparkalekuak erabili. Zirkulazioari dagokionez, berriz, ez dute ibilgailuen joan-etorririk eten, txandaka bideratu, baizik.

Zebrabideak, aparkalekuak eta pasatzen uzteko seinaleak ari dira margotzen. Seinale horietako batzuekin auzoan oinezkoen lehentasuna bermatu eta ibilgailuen joan-etorria mugatuko dute.

Tiesto gehiago

Bestalde, asteotan, tiesto gehiago jarri dituzte auzoko hainbat puntutan: edukiontzien aurrean, zebrabide hasieran, eta errebuelta funtzioa betetzeko esparruetan, besteak beste. Lehenago garaje aurreetan jarrita zeuden tiestoen moduan, batik bat pibote funtzioa beteko dute berriek. Kasu batzuetan, garajeetarako sarbidea bermatzeko, besteetan, aparkatu ezin den lekuetan aparkatzea galarazteko.

Esandakoaren arabera, piboteak baino estetikoagoak direlakoan jarri dituzte tiestoak eta hainbat tiesto dagoeneko lurrez bete eta landarez hornitu dituzte; zuhaixkak jarriko dituzte, zaintzeko errazagoak.

Gai horrekin, baina, hainbat auzotar ez daude oso pozik. Diotenez, tiesto larregi dira, ez dira behar den moduan zainduko eta zikinkeriaz beteko dira, “esan auzotarrok ez dugula halakorik nahi”, diote. 

Jarlekuak eta parkea

Tiestoez aparte, bederatzi jarleku ere ipini dituzte parke inguruko espaloian, baina oraindik lotzeke daude; batzuk parkera begira jarriko dituzte eta beste batzuk errepidera begira, ahalik eta erabiltzaile gehienen nahiak aintzat hartuta. Eta besteak beste, jolasparkea ipintzeko lanak ere egingo dituzte urtea amaitu aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.