XXIX. GAZTAÑERRE AZOKA

Animaliarik gabe, baina oparo dator Gaztañerre Azoka

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 4a

Egunotan bukatuko dute udal brigradako langileek Gaztañerre Egunerako Plaza Zaharreko karpa muntatzen. Barikuan, berriz, Erregetxeko postuak muntatzen hasiko dira Debemeneko langileak. Izan ere, zapatuan, 10:00etan zabalduko dute XXIX. Gaztañerre Azoka. Aurtengoa desberdina izango da animalien partaidetzaren debekuaren ondorioz. Edozelan ere, eskaintza oparoa izango da Erregetxean: artisautzako eta baserriko produktuak, san andrestarren txosna, musika, dantza eta omenaldia.  14:00ak arte izango da azoka zabalik eta ondoren, kalean eta Plaza Zaharreko herri-bazkarian segituko du festak.

Egunotan hasi dira Gaztañerre Azokarako azpiegiturak muntatzen. Gaur Plaza Zaharrean ari dira karparekin, ondorioz, bertan ezin da aparkatu. Barikuan, berriz, Erregetxeko postuak muntatzen hasiko dira, beraz, bariku goizerako erretiratu beharko dira bertatik ibilgailu guztiak.

Zapatuari dagokionez, dena dago jada lotuta. 10:00etarako gertu izango dira azokako saltoki eta postu guztiak. Baserritarren artean, Arizagakoek eta Lezarrikoek ortuariekin beteko dituzte postu bana, Lizagasarretik sagarretatik eratorritako produktu sorta ekarriko dute eta Egotzatik, berriz, ahuntzetatik eratorritakoak, gazta, bereziki. 

Baserritarren artean, bi berritasun izango dira. Batetik, iaz Lizagasarrekoek langintzaren erakustaldia egin zuten moduan, aurten, Egotzako Nagore Martinek gazta zelan egiten duen erakutsiko du azokan bertan. Eta bestetik, Ilordo baserriko kiwiak izango dira salgai, besteak beste.

Osterantzean, aipatutako baserritarrekin batera, Lasturretik etorritako Nagore Dorronsoro eztigilea ere izango da, iaz moduan. Eta denendako jan-edana prestatzen, san andrestarren txosna handia, sagardo lehiaketa eta guzti. Aurten, bost baserrik parte hartuko dute lehiaketan: San Martzial, Barrenetxe, Osuma, Argarate, eta Zabale baserriek.

Forjaria eta talogilea

Bestalde, aninalien hutsunea, besteak beste bi tailer-erakustaldiren laguntzarekin ere beteko dute. Batetik, Debagoieneko Iker Gabilondo forjariak -Sualai- zuzenean landuko ditu metalezko hainbat pieza, forjan zelan egiten duen erakutsiz. Eta bestetik, Lasturretik etorriko den Maitane Beristainek talo tailerra ipiniko du umeendako.

Hori guztia osatzen, txalapartariak izango dira Mikel Ostolazaren gidaritzapean eta larreategitar trikitilariek eta Soraluzeko Diadar taldeko txistulariek girotuko dute azoka musikarekin.  

12 artisau, liburuak eta beste

Artisauei dagokienez, berriz, 12 eskulangilek egindako produktuak izango dira ikusgai eta salgai. Izango dira Amaia Amor, Nuria Muro -Oparitxoak-, Saadia Nasir, Sara Peñalba, Lore Gallastegi, Susana Duran, Lorea Calles, Arrate Lizarralde, Kristina Albisua -Orratz-, Edurne Garate, Charo Fernandez eta Antxon Fresnedo. Eta haiekin batera izango dira Juan Fernandez ilustrazioekin eta Francis Larrañaga baserri-auzoei buruzko liburuekin, tartean, aste honetan aurkeztu dituen Ezozi eta Txurruka baserri auzoetako liburuekin. 

Omenaldia, bertsoak eta dantza

Azkenik, azoka borobiltzeko eguerdi partean egingo dute aitortza ekitaldia. Aurten, Bagozkoiti baserriko (Boskoitxi) Jesus Ariznabarreta Oregi eta Maria Luisa Atxa Aranberri Bagozkoitiko (Boskoitxi) baserritarrak omenduko dituzte eta omendu berezia izango da Lezarri baserriko Mari Tere Igartza. Bertso saioa ere izango da Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolarien eskutik eta Urrats Dantza Taldeko dantzari gaztetxoenen saioarekin borobilduko dute ekitaldia. 

Bazkariak

Azokakoak eginda, kalean segituko du jaiak. Etxeko Galtzagorri txarangak jarriko du martxa. Eta kuadrilen arteko bazkariez gain, egongo dira beste bi bereziak.

Handiena, Plaza Zaharreko babajana izango da. Bestetan baino jendetsuago dator, eskari handia tarteko, aurten 180 bazkaltiarrendako lekua egingo dute-eta. Sukaldariak izango dira urteroko lagun kuadrilla, eta, goxo-goxo eta noski, umoretsu prestatuko dituzte 25 kilo baba-gorri ekologiko, Hernaniko baserri batetik ekarritakoak. Gainerako genero guztia izango da herriko harategietakoa eta baserrietakoa.

Eta bigarren bazkaria baserritarren artekoa izango da. Aurten, Batzokian egin dute juntadizorako hitzordua. Soraluzeko lau baserri auzoetako baserritarrak elkartuko dira bertan. Hainbatendako urtean egiten duten baserritarren arteko topaketa bakarra da berau. 

Egitaraua ondorengoa da:

  • 10:00 azokaren irekiera txalapartariarekin, txistulariekin eta trikitilarien kalejira.
  • 11:00 Pintxoak eta sagardo lehiaketa San Andrestarren eskutik.
  • 11:00 GAZTAGINTZA ERAKUSTALDIA Egotza Baserriko Nagore Martinen eskutik.
  • 11:30 Musika Eskolako triki-pandero taldearen kalejira.
  • 12:00etatik 13:30era haurrei zuzenduriko TALO TAILERRA Lasturko Maitaneren eskutik.
  • 12:45 dantza saioa, baserritarren omenaldia, sagardo lehiaketako sari banaketa bertsolariek girotuta (Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi)
  • Ondoren, Galtzagorri txaranga kalez kale.
  • 15:00 Azokako parte-hartzaile eta antolatzaileen bazkaria kiroldegian eta herri-babajana karpan.
  • 19:00 Erromeria Obaneuke taldearekin karpan.
  • 23:00 Erromeria Fan&Go taldearekin Gaztetxean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.