Urriaren 24an Liburutegien Eguna izan zen eta horren bueltan ekitaldi mordoska antolatu dituzte Udal Liburutegian. Horietako bat joan den barikuan egin zuten, ekitaldi bikoitza. Batetik, Soraluzeko lehen liburuzainari omenaldia egin zioten eta bestetik, Soraluzeko tokiko bildumaren aurkezpena egin zuten -segidako artikuluan-.
"Hausnartzen, informatzen, partekatzen…"
Ekitaldiaren hasieran, Uxue Agirrek liburutegiek duten garrantzia eta gizartean jokatzen duten papera azpimarratu zuen: “Bizi dugun garaiotan, benetako informazioari balioa kentzeko helburua duten fake-news-ak eta albiste faltsuak bolo-bolo dabiltzala, liburutegien funtzioa da hausnarketarako espazio bat ematea, pentsamendu krtitikoa garatzeko plaza izatea, alfabetatze informazionala ahalbidetzea eta ate bat irekitzea kulturari eta jakinduriari. Bi hitzetan esanda, desinformazioaren kontra lan egiten duten espazio libre eta demokratikoak dira liburutegiak, beraz, oso espazio baliotsuak. Horretan dihardugu, edo saiatzen gara behintzat, gure katalogoarekin eta urtean antolatzen ditugun ekintzekin. Hausnartzen, informatzen, partekatzen, gogoratzen, zabaltzen eta elkar aberasten”.
Segidan, Soraluzeko lehen liburuzain Arantza Lasari zorionak eta eskerrak eman zizkion bide horretan egin zuen lanarengatik. Eta opariak entregatu zizkion ondoren: Kontrargiko kideen laguntzarekin lortutako antzinako beraren argazki bat eta lore sorta bat.
Arantza Lasak ere hartu zuen hitza: “Nik gustura lan egin dut liburutegian, oso gustura, eta, lagundu diet etorri diren guztiei ahalik eta gehien. Lan asko egin dut liburutegian eta gainera, gustura egon naiz”.
Aitortza ekitaldira, Arantza Lasaren senideekin batera, bertaratu ziren baita ere, bizilagun dituen Mesedeetako Egoitzako hainbat egoiliar.