LIBURUTEGIEN EGUNA

Herriaren historia zatitxo bat kontatzen duen liburu bilduma osatu eta aurkeztu zuten

Ubane Madera Zangitu 2025eko azaroaren 3a

Barikuan, Soraluzeko tokiko liburu bilduma aurkeztu zuten Udal Liburutegian. 50 bat alez osatuta dago eta bertan daude Soraluzeri buruzko liburuak, soraluzetarrek idatzitakoak edo Soraluze aipatzen dutenak. Adibidez, Pernando Plaentxiatarraren lehen edizioa dago, Eider Unamunoren liburua eta baita armagintzari buruzko dokumentazio asko ere. Uxue Agirre liburuzaina ibili da bilduma elikatzen eta aleetako batzuk bildumagileen bitartez eskuratu ditu.  

Liburutegira sartu eta sarreran, mostradore ondoko ezkerreko apalean dago Soraluzeko tokiko bilduma. 50 bat alez osatuta dago, 2025ean egindako bilketa lanari esker elikatuta. Uxue Agirre liburuzainak esplikatu duenez, batzuk lortzea nekeza izan da zaharrak zirelako, eta, lan horretan Sorapediak lagundu die asko.

Zailak izan dira, adibidez, Itxaropena editorialekoak -Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak edo Pernando Plaentxiarraren lehen edizioa. Libururik zaharrena, berriz, 1892ko liburu bat da, Gorosta anaiari buruzko biografia. Bildumagileengana ere jo behar izan dute liburuotako batzuk eskuratzeko.

Lakuesta, Dolmenak, armagintza…

Bestalde, antzinako liburuekin batera, tokiko bilduman dago armagintzari buruzko dokumentazio asko, Dolmenen Ibilbideari buruzko liburuak, kanoi fabrikari buruzkoak, Eli Lakuestak eta beste hainbat argazkilarik ateratako antzinako liburuak, Lamoten grabatuari buruzkoa… eta baita Eider Unamunoren hortzetako osasunari buruzko liburua edo digitalizazio industriala zein neurozientzia konputazionala langai dituen Pedro Larrañagaren liburuak ere.

Bildumaren aurkezpenean, tokiko bilduma izatearen garrantzia nabarmendu zuen Uxue Agirre liburuzainak: “Garrantzitsua da herriaren Historia kontatzen duelako eta horrek ematen digulako bisio bat etorkizuna idazteko”.

Bildumari bizia eman

Hori horrela, bilduma erabiltzeko gonbidapena egin zien herritarrei: “Gonbidatzen zaituztet liburutegira Soraluzeko bilduma ikustera, ukitzera, etxera eramatera, aztertzera zuen familiarekin partekatzera… bilduma honi bizia ematera, ez dadin izan bakarrik hemen egon dagoen bilduma zatitxo bat baizik eta Historia hau bizia izan dadin eta lagundu dagigun etorkizuna ere, honen oinarriz, eraikitzen”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.