Herriko Antzokia goraino beteta zela ekin zion eguaztenean Francisco Javier Larrañaga Guridik (Soraluze, 1949) aurten ondu dituen bi liburuak aurkezteari: Ezozia auzoko baserriak eta Txurruka auzoko baserriak.
Hasierako berbak baliatu zituen barkamena eskatzeko liburuetan dauden akatsengatik eta eskerrak emateko bidelagun eta laguntzaile izan dituen pertsona eta erakunde guztiei.
Larrañagak azaldu zuenez, bi liburuotan Ezozia auzoko 23 baserriren eta Txurruka auzoko beste 15 baserriren historia jaso du, tartean, baserrien aipamenak artxiboetan, ezaugarri arkitektonikoak, abizenen genealogia, argazkiak eta beste hainbat jakingarri. Baserri hautatu ditu euren antzinakotasunagatik edo abizenen baten jatorrizko etxeak direlako.
Bitxikeria arkitektonikoak
Larrañagak bi auzoetako baserrien eta baserritarren inguruan jasotako zenbait bitxikeriaren berri eman zuen, bereiziz arkitekturarekin zerikusia dutenak eta pertsonei dagozkienak.
Arkitekturari dagokionez, aipatu zuen nabarmentzekoa dela baserrien hormek 70-80 zentimetroko lodiera dutela eta leiho zaharrek forma bereziak zituztela argia sartu eta beroa etxe barruan mantentzeko. Atal horretan, Agarre baserriko leiho berezia aipatu zuen, aldamenean harlanduzko jarlekua duena.
Aipiatu zituen armarriak ere, “etxeen boterearen adierazgarri” zirenak, nabarmenduz: Mendiolakoa, Espillakoa, Armendikoa eta Txurrukakoa (Mutrikura lekualdatu zutena).
Egurrezko egiturak ere izan zituen ahotan eta jakinarazi zuen zenbait baserritan Plazentzian egindako iltzeak daudela eta antzina sagardoa egiteko erabiltzen ziren dolareen arrastoak ere bai. Horrez gain, aipatu zituen suaren aurkako horma sendoak eta burdinazko ateak, balio zutenak sukaldeko sutik edo neguan logelara eroaten ziren txingarretatik piztutako suteak mugatzeko.
Abizenen ingurukoak
Kontatu zituen pertsonei lotutako zenbait bitxikeria ere, abizenen ingurukoak. Adibidez, jakinarazi zuen zein diren abizenaren jatorrizko baserriak direnak. Ezozi auzoan: Aldasoro, Armendia, Arteaga, Espilla, Iturbe, Larreategi, Arrizabalaga eta Mendiola. Txurruka auzoan, berriz: Agirre, Egotza, Txurruka eta Unamuno.
Azken abizen honen inguruan kontatu zuen unamunotarrak XVI. mende inguruan Bergarara aldatu zirela eta haien ondorengoen artean oso pertsona ezagunak daudela, esaterako: Miguel de Unamuno filosofo eta idazlea, Telesforo de Aranzadi Unamuno zientzialaria eta Rafael Moreno Aranzadi ‘Pichichi’ Athletic-eko jokalaria.
Aipamenik zaharrenak
Azkenik, baserrien aipamen urteak aipatu zituen. Artxiboetan agertutako aipamenik zaharrena Ezozi auzoan, 1248koa da eta Espilla baserriari dagokio baina baserri hau dagoeneko desagertuta dago. Zutik dauden baserrien arteko aipamenik zaharrera, Arrieta baserriarena da, 1268koa. Txurruka auzoan, berriz, aipamenik zaharrena, Agirre (Agarre) baserriari dagokiona da, 1339. urtekoa.
Sorrera urteekin batera, baserriak erre ziren urteen datuak ere aipatu zituen Larrañagak eta atal hori baliatu zuen esateko bere birraitona Egotza baserrikoa zela eta, hain zuzen, baserri hartan izandako sute batean hil zela, itzaltzeko ahaleginean teilatura igo eta handik behera jausita.
Datorren urtean Irure
Iaz San Andresko liburua argitaratu ostean, Francisek auzo bakarra falta du bilduma osatzeko: Irure. Aurreratu zuenez, dagoeneko osatu samartuta du laugarren liburua ere eta okerrik ezean, datorren urtean argitaratuko du.
Liburuak salgai
Argitaratutako azken bi liburuak salgai daude Iratxo gozo-dendan eta Gaztañerre azokan ere izango dira, 20 euroren truke.