Urriaren 22an, dozena bat bazkide bildu ziren musika eskolako Musika eta Mugimenduko gelan. Zuzendaritzak 2024-2025 ikasturteko memoria aurkeztu zuen, urtean zehar antolatutako kontzertu eta ekintza bereziak zerrendatuz; tartean, Soraluzeko Musika Eskolaren 35. urteurreneko kantu-afaria.

Argazkia: Egoitz Unamuno.
Datorren ikasturteari dagokionez, aldaketa nagusia jada inplementatzen hasi diren ikastetxeko hezkuntza proiektu berria izango da. Aurrerantzean, praktika izango da musika ikasketen oinarria, eta teoria beranduago lantzen hasiko dira. Konbo txikiak beharrean, ikasleak talde handietan batzeko apustua egingo da. Momentuz martxan daude Fanfarre taldea eta Banda Gaztea.
 Banda Gaztearen lehenengo klasea. Argazkia: Ander Gomez.
Banda Gaztearen lehenengo klasea. Argazkia: Ander Gomez.
Balantze positiboa, bai alde ekonomikoan, bai matrikulazioan
Egoera ekonomikoari dagokionez, azken lau urteak balantze negatiboarekin bukatu ostean, pozik agertu ziren aurtengoa positiboan bukatzea lortu dutelako. Ikasleei kopuruari begiratuta, balantzea ere positiboa izan da: azken urteotan egon den ikasle jaitsierak arazo izaten jarraitzen duen arren, aurten batu direnekin, iaz baino bost ikasle gehiago ditu musika eskolak.
Erreleboa zuzendaritzan
Bukatzeko, zuzendaritza berritzeko bozketa burutu zen. Lau guraso edo ikasle helduz osatzen da, eta bi aldatzen dira ikasturtero. Datorren astean Leticia Alvarez eta Jokin Martinez juntakideen kargu uztea gauzatuko da eta, aldaketarik egon ezean, bozketan irtendako Eider Unamuno ikaslea eta Irati Trebiño gurasoa batuko dira zuzendaritzara. Bestalde, Nagore Sanz irakaslea zuzendari izatera bueltatuko da eta Domentx Uzin zuzendariorde izatera pasako da.
