Bullying-aren kontrako greba Institutuan

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 28a, 14:58

Gaur, urriak 28, greba egin dute Institutuko 3. eta 4. mailako ikasleek. Bullying-aren kontrako protesta izan da, joan den urriaren 14an, 14 urteko sevillar ikasle batek bere buruaz beste egin ondotik. Ikasle Sindikatuak deitu du mobilizazioa eta Soraluzen, 3. eta 4. mailako ikasleen gehiengoak babestu du protesta.

Ikasle Sindikatuak greba deitzeko komunikatuan salatzen duenez, bere buruaz beste egin zuen Sandra Peña gazteak "jazarpen jarraitua jasan zuen” ikastetxean eta “dauden protokoloak ez ziren aktibatu”. Halaber, uste dute bere buruaz beste egin izana “ekidin zitekeela” eta salatu dute gertakariaren atzean “erantzuleak” daudela.

Erantzuleen artean sartzen dituzte ikastetxeko zuzendaritza eta Mary Ward Hezkuntza Fundazioa, bere esku baitago ikastetxea, “hau da, Eliza Katolikoaren esku”. Horren harira, ezkutukeria ere salatu dute “milioika euro jasotzen” baititu urtero “Andaluziako Juntaren dirulaguntzetan. Eta beren irudia ez zikintzeko eta finantziazio publikoa galtzera ez arriskatzeko, laguntza eskaera guztiak ezkutatu zituzten”.

Erantzule egiten dute ere “Alderdi Popularraren Andaluziako Junta” (…) “itunpeko pribatuaren enpresa-sare osoari emandako kontzertu publikoa mantentzen” ari delako.

Oro har, uste dute “ikastetxe guztietan orientatzaileak, psikologoak eta bitartekariak kontratatu” behar direla halako kasuei aurre egiteko, “jokoan dagoena gure osasun mentala eta gure bizitza bera delako”. Eskaera hori Espainiako Gobernuari ez ezik, “autonomia-erkidego guztietako hezkuntza arduradunei” zuzendu diete.

"Gorroto diskurtsoak"

Eta aldarrikatu dute “gorroto-diskurtsoetatik aske” hezi nahi dutela. Ildo horretan, salatu dute “eskuin muturrak sarean, kalean eta instituzioetatik zabaltzen duen indarkeriak” isla duela ikasgeletan eta gaineratu dute ikastetxeek “guztiontzako espazio seguruak” izan behar dutela, “diskriminaziorik gabe, matxismorik gabe, arrazakeriarik gabe, LGTBIfobiarik gabe, eta faxismorik gabe”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.