Hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina “ezinbestekoak euskararentzat Agerrean” lemapean

Erredakzioa 2025ko urr. 27a, 13:55

Errigoraren kanpaina aurkezteko prentsaurrekoa Iruñeako Laban. Izaro Tuterako gaztea (Agerraldikoa), Asier Zangozako Ikastolako gurasoa, Otxando Mendigorriko gurasoa (Sortzeneko kidea) eta Angel eta Sagrario, Deikazteluko AEKtik.

Azaroaren 13ra bitartean, aukera izango da eskatzeko Errigoraren bitartez Nafar hegoaldeko produktuekin osatutako saskiak. Eskariak egin behar dira Errigora.eus webgunean. Jasotako diruaren %25a euskalgintzako Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean diharduten eragileei bideratuko diete. 

Errigorako antolatzaileek jakinarazi dutenez, udazkeneko kanpainaren logika aurreko urteetako berbera izango da. Hiru saski desberdin jarriko dituzte salgai Ager zonaldean (Nafarroa erdi eta hegoaldean) ekoiztutako produktuekin osatutakoak, eta saltzen den saski bakoitzeko balioaren %25a bertako euskalgintzako eragileek jasoko dute. 

Hiru saski hauek (beltza, berdea eta gorria) eskuratzeko aukera azaroaren 13 arte izango da zabalik Errigoraren webgunean. Plazentziatarrek euren eskariak azaroaren 25ean jaso ahalko dituzte Gaztetxean, 18:00etatik 19:30era bitartean.  

Iaz udazkeneko kanpainarekin Errigorak 230.000 eurotik gora bideratu zizkion Nafarroako euskalgintzari.

“Ezinbestekoak euskararentzat Agerrean” 

Errigorak ondorengo mezua zabaldu du udazkeneko kanbpainaren leloa azaltzeko: "Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileak (AEKSortzenIkastolak eta Agerraldia) ezinbestekoak dira euskararentzat. Euskarak zonaldean arnasa har dezan bertatik eta bertarako egiten dute lan. Zuhaitz bat balira bezala hizkuntza sustraitzeko lanetan ari dira, baina baita bertako euskaldunek arnasa har dezaten aire kutsatua garbi bilakatzen ere. Udaberriro-udaberriro loratzen dira, hizkuntza ez dadin zimeldu.

Lanean jarrai dezaten, ezinbestekoak garenak gainontzeko lurraldetako euskalzaleok gara. Asmo horretan auzolana tresnarik baliotsuena, ezinbesteko elkartasun-keinua da Euskarari Puzka kanpaina, saskiak eskatuz balioaren %25a Ager zonaldeko euskalgintzara bideratzen delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.