Eusko Jaurlaritzak atzo iluntzean jakinarazi zuen ganadu feriak debekatzeko erabakia, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Diputazioetako ordezkariekin batzarra egin ondoren.
Debekua gaur sartuko da indarrean, eta zuzenean eragingo du azaroaren 8an egingo den Gaztañarre azokan. Gainera, behiei ez ezik, katuak eta txakurrak ez diren gainerako animaliei ere eragingo die debekuak.
Soraluzeko Udalak dagoeneko badu debekuaren berri, baita Gaztañerrera behiak jaitsi ohi dituzten zenbait ganaduzalek ere. Orain, egoera aztertu eta zer egin aztertuko dute. Udalak, besteak beste, Debemen Landa Garapen elkartearekin nahi du aztertu egoera.
Nafarroako gobernuak ere atzo goizean gauza bera erabaki zuen eta Ipar Euskal Herrian ere egoera berean daude. Hori horrela, Euskal Herri osoan egongo dira debekatuta ganadu feriak.
Dermatosi Nodular Kutsakorrak ez ditu gizakiak kutsatzen, ez animaliekin kontaktuan egoteagatik, ezta animalietatik eratorritako produktuak kontsumitzeagatik ere.