Domekan, musika eta dantza uztartuko dira Zubi Nagusian, Folk Hotsak jaialdiaren barruan. Musikari dagokionez, Deba bailarako arrabitari eta txistulariek aurreko bi urteetan Sorafolk ikastaroetan ikasitako doinuak joko dituzte, munduko herrialde desberdinetakoak. Dantzari dagokionez, Urrats dantza taldeak proposatutako plaza dantzak dantzatuko dituzte.
Emanaldia Gaztelupeko Hotsak-ek bultzatutako (Sortzaileen) Bideak proiektuaren baitan egingo dute. Bideak proiektuak "kultur adierazpen garaikideak eta tokiko komunitatearen partaidetza uztartu nahi ditu, inprobisazioaren bidez esperientzia interesgarriak eskainiz".