Hasi dituzte Baltegietako lanak

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 21a, 10:00

Gaur, martitzena, hesiz itxi dute Baltegietatik errepiderako bide zatia, SAPAren pabiloi zaharberrituaren ondokoa. Zorua berritzeko lanak egin behar dituzte bertan. Galtzada-harriak jaso, zorua zelan dagoen ikusi, konpondu beharrekoak konpondu eta atzera ere galtzada-harriak jarriko dituzte. Zirkulazioa ahalbidetzeko, Gabolatseko zubirainoko zatia egingo dute lehenengo eta handik gorakoa gero.

Echaide enpresak egingo ditu Baltegietako lanak. Enpresatik esandakoaren arabera, egunotan, galtzada-harria jasotzen hasiko dira ikusteko azpian zer dagoen eta konpondu beharrekoak konpontzeko. Eta gero, atzera ere jarriko dute galtzada-harri berbera.

Asteotan, SAPAko autobus geltokitik Gabolatseko zubirainoko tartean egingo dituzte lanak. Bidea ezingo da erabili, bai, ordea SAPAren aterpea zein autobus geltokia ere. Hori bai, SAPAren ezkerreko aldeko hasierako autoak erretiratu egin beharko dira, obra-kasetendako lekua libre lagatzeko.

Garajedunak zubitik

Baltegietatik errepidera irteteko bidea ezin denez erabili, Ezozibidetik datozen autoak ezin dira Gabolatseko zubitik pasa, Gabolatsetik segituko beharko dute aurrera. Baltegietan garajea dutenak bai, haiek bai pasa daitezke. Halaber, garajedunek, irteteko ere, Gabolatseko zubia erabili beharko dute, egunotan bi noranzkotan erabili ahalko baita hura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.