Domeka eguerdian Kamikaze Helmets eta Oihana Arana bertsolaria Santa Anan

Egoitz Unamuno 2025ko urr. 17a, 13:50

Domeka eguerdian (13:00), Kamikaze Helmets musika talde madrildarrak eta Oihana Arana bertsolariak emanaldi berezia eskainiko dute Santa Ana kalean, Gaztelupeko Hotsak disketxeak abian duen 'Bideak' proiektuaren baitan. 

Azken hilabeteotan, musika eta beste disziplina batzuk uztartuz Gaztelupek herrian antolatzen diharduen emanaldi sortak jarraipena izango du domeka eguerdian, rock musika eta bertsoa uztartuko dituen emanaldiarekin.

Eguerdiko 13:00etan,  Santa Ana kalean Kamikaze Helmets "gitarrarik gabeko" rock musika talde madrildarrak kontzertua eskainiko du kalean eta ondoan izango dute Oihana Arana bertsolari eskoriatzarra bertsotan inprobisatuz. Hain zuzen horixe da Gaztelupeko Hotsak disketxeak abian duen (sortzaileen) 'Bideak' proiektuak bilatzen duena: "kultur adierazpen garaikideak, inprobisazioa eta tokiko komunitatearen parte-hartzea uztartzea, diziplina anitzeko saioen bidez".

Gitarrarik gabeko rocka: bateria, ahotsa eta teklatuak bakarrik

Gaztelupeko Hotsaken esanetan, "rock, blues eta funk emanaldietan estatuko musikari ospetsu eta estimatuenetako bik" osatzen dute Kamikaze Helmets banda: Gabri Casanovak eta Kike Parrak. 

Taldeak bere bigarren albuma aurkeztuko du Soraluzen: Inmersion. Azken lan honek uztartzen ditu Hard Rocketik Motownera doazen eraginak, pintzelkada elektroniko eta atmosfera esperimentalekin. Emaitza da proposamen "indartsua, dantzagarria eta erabat paregabea". Gaztelupekoen ustez bereziki "aipagarria da Aurora Garciarekin (Aurora & The Betrayers) The Dark Side of The Sun kantuan izandako lankidetza. Eta, ginda gisa, Beatlesen While My Guitar Gently Weeps-en bertsio harrigarria, inor hotzepel utziko ez duena".

Oihana Arana idazle eta bertsolari gaztea inprobisatzen

Oihana Arana bertsolaria (Eskoriatza, 2001) 9 urte baino ez zituela hasi zen bertso-eskolan eta, ordutik, hainbat plazatan aritu izan da. Bat-bateko jardunaz gain, bertso-paperen modalitatea ere landu izan du. Geroago, nerabetan ezagutu zituen ipuingintza eta olerkigintza. Gaur egun, disziplina hoiretan guztietan dihardu. Literaturan egin dituen lanen artean nabarmentzekoak dira: gaztetxoentzako idatzitako Portuak (Gaumin, 2020) eleberria eta Lazunak Azkazaletan (Susa, 2021) poema liburua.

2022an eRRe bertso emanaldia oholtzaratu zuen beste hiru bertsolari gazterekin batera (Aner Euzkitze, Haizea Arana eta Leire Vargas). Emanaldi horretan bertsolaritza zuten ardatz, baina antzerkigintza, narratiba eta dantzara ere gerturatu ziren, aldarri, kritika eta umoretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.