Tortilla, txorizo, atun, solomo… denetariko pintxoak izan zituzten aukeran Itxaropena elkartean eman zuten doako pintxo-potean. Gainera, normalean baino handixeagoak ere baziren. 18:00etan puntuan hasi ziren tiketak jan-edanaz trukatzen.
Elkarteko zuzendaritzatik esplikatu dutenez, txangoak egiteko elkarteak dirulaguntza bat ematen du. Baina guztiek ezin izaten dute txangoetara joan. Hori horrela, hemen geratu direnendako detaile bat izate aldera, eurek ere zerbait izan dezaten, iaz marmitakoa eta aurten doako pintxo-potea eman dituzte.
Zuzendaritzatik esandakoaren arabera, txangora joan direnak eta pintxo-potean egon direnak batuta, egunotan, 200 lagun inguru mugitu dituzte Itxaropenan.
Itxaropena Erretiratu Elkartearen hurrengo hitzordua, berriz, urriaren 24ko gisatu lehiaketa izango da. Elkartetik esandakoaren arabera, bazkarirako leku guztiak beteta daude eta erreserba batzuk hartuta dituzte. Eta lehiaketan parte hartuko duten zortzi bikoteek ere emanda dute izena.