Gaur, Placencia de Soraluze gure udalerriak 682 urte bete ditu

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 15a, 16:04

Javier Elorza Maiztegi historialari soraluzetarraren 'Placencia de Soraluze. Sorrera eta bilakaera (XIV-XVI mendeak)' liburuaren azalaren zati bat.

Gaurko egunez, urriak 15, eman zion Alfontso XI. erregeak hiri gutuna Soraluzeri. Hain justu, 1343ko urriaren 15ean eman zuen Gaztelako Erregeak Placencia sortzeko hiri gutuna; beraz, esan liteke gaur dela Soraluze-Placencia de las Armas herriaren 682. urtebetetzea edo urteurrena. Hori bai, herri ofizial modura orduantxe sortu arren, lehenagotik hemen baziren bizilagunak eta zenbait egitura. Sorapediak xehetasunez du historia jasota.

Halaxe jasotzen du Sorapediak efemeridea:

"1343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Guvantesen hiztegian 1802 urtean jasotzen denez:

Hiribildu hau Gaztelako errege Alonso XI jaunaren aginduz 1337an sortu zen, Soralucen bizi ziren Markinako gizonek, garai hartan bailarako izena, eta Herlaibia-ko tokian bizi zirenek herri hau sortzeko, Placencia izendatuz, eta hesitzeko eta eliza bertan egiteko: Logroñoko forua eman zien biztanleei, eta herriari behar zituen mugak. Eta hau dena Algeciraseko errealean 1281 aroan, 1343 urteko urriak 15ean emandako pribilegioz, Gipuzkoan merino nagusia Beltran Velez de Guevara zela, probintziako jendeez errege zerbitzuan zela aipatutako plazaren setioan.

Kokapena eta mugak

Herri berria aurreko Soraluzeren tokian bertan egin zuten. Hau da, Ibaizabalen eskumako aldean, ibiaren parean.

Mendebaldetik ibai ondoan zegoen, eta ekialdetik ia Sorakuze monasterioko elizaren azpiraino heltzen zen. Hegoaldetik, berriz, Zabaleta baserriaren ingurutik jaisten zen errekastoak mugatzen zuen, eta iparraldetik Errekatxoeta izeneko errekak.

Eraikuntza

Hiri gutuna lortu eta gero, pentsatzekoa da aurreneko lana orubeak finkatzea eta banatzea izango zela. Gero, norberak bere etxea eraikiko zuen, eta guztion artean harresiak.

Dena dela, hiri gutuna lortu eta bost urteetara izurri beltza heldu zen Soraluzera, 1348 udan hain zuzen. Heriotza asko eragin zuenez (Nafarroako erresuman, esateko, biztanleen erditik gora hil omen ziren) Soraluze berriaren eraikuntza asko motelduko zen.

Kaleak

Orduko herri askoren moduan, hiribildu sortu berriari lauki forma eman zioten, alde luzea ipar-hegoalde norabidean zeukala.

Tartean bi kale besterik ez zituen, erdian gurutzatzen zirela. Kale laburra ibitik Azkoitiarako bideari zegokion, ekialdetik mendebaldera. Garai batean Kalegurutze esaten zitzaion; goiko zatia gaur eguneko Udaletxeko aldapari zegokion, eta behekoa Abadetxe ondoko aldapari, ibaira jaisten dena.

Kale luzea, berriz, hegoaldetik iparralderantz zihoan. Hau ere bi zatitan banatzen zen, Kalegoen eta Kalebarren. Azken hau itsasalderako bidearekin bat egiten zuen.

Etxeak

Bi kaleak hiribilduaren erdi-erdian gurutzatzen ziren, Kalegurutze izeneko tokian, etxe multzoa lau bloketan banatzen.

Garaiko ordenantzak agintzen zutenez, etxeak estuak eta luzeak ziren. Zabalera arautua 6 kanakoa zen[2]; hau da, bost bat metrokoa. Kalegoen-Kalebarren ardatzetik begiratuta, mendialdekoek beheko eta lehen solairua zituzten, eta ganbara. Errekaldekoek, berriz, sotoa, behe solairua eta ganbara.

Hasierako etxeak harri, adreilu eta zurezkoak ziren. Garai hartan mehelin asko (etxe tarteko paretak) oraindik egurrezkoak edo adreiluzkoak zirenez, etxeren batean sutea suertatu eta gero oso errez zabaltzen zen gainontzeko etxeetara. Horregatik XV mende inguruan mehelinak harrizkoak egiteko agindu zuten.

Harresiak eta ateak

Alfontso XI erregeak Juan Pérez de Loyola eta Gil López de Oñaz-en beste anai bati (anaiak, nahiz eta abizen desberdinak izan!) lur sailak eman zizkion hiribilduaren barruan, eta honek Loiola etxea sortu zuen.

Alfontso XI. erregeak harresiak (itxiturak, erderaz cercas) eraikitzeko agindu ba zuen ere, ez zen ezagutzen inolako arrasto fisikorik. Baina ezagutzen da XIX. mende hasieran, Erregetxea egiterakoan, Etxaburuetako etxeak "atzera" mugitu zituztenean, XV. mendeko zerkaren gainean eraiki zituztela.

Toponimian ere arrastoak geratu dira: zerkia esaten zitzaion Armendietxe azpiko zatiari, ibaiaren ondoan dagoenari. Inguruan, 2022.eko udan Santa Ana 2ko etxea bota zutenean, eta sotoetako horman sartuta, zeharkako beste horma baten arrastoa agertu zen. Mertxe Urteagaren[3] ustetan erdi aroko harresiaren zatia izan daiteke. Hala ere, egiaztatzeko azterketa sakona egin beharko zen.

Segururena, ibai ondoan ortuak sortzerakoan etxe bakoitzak bere horma jasoko zuen, eta parean zuen harresi zatia bota. Baina ortuetako hormek barruan hartutako harresi zatiak iraun zuten.

Honetaz gain, harresietako ateak aipatzen dira: Kalegoenekoa (Ormaetxea jauregiaren parean), Kalebarrenekoa (Kalebarren 7/9 zenbakien artean) eta Zubiko atea, ibaiaren gainean. Azkoitirako bidean laugarren atea ere izango zela suposatzekoa da.

Eliza

Erregearen beste agindu bat eliza eraikitzekoa izan zen, baina ez zen bete: Soraluzeko monastegiarena erabiltzen jarraitu zuten.

Eliza hau etxe-multzotik kanpo geratzen zen, gorago, Azkoitirako bidearen eskumaldean. Etxeen eta elizaren arteko esparrua espazio publiko zabal bakarra zen, oso aldapatsua.

Hurrengoak. XV mendeko hedapenak

Hiri-gutunarekin batera harresiak egiten ariko ziren, eta zeuden etxeak antolamendu berriari egokitzen. Baina bost urteetara (1348) izurri beltza Soraluzera heldu zen. Orokorrean biztanleriaren herena hil bazen ere, beste leku batzuetan %40tik gora (Nafarroa, kasu) edo erdia ere.

Giza zein ekonomia aldetik hondamendia izan zen eta, suposatzen denez, herriaren garapena urte askotan geldi geratuko zen. Esate baterako, erregeak agindutako eliza berria ez zen egin, arrazoi honengatik akaso.

Dena dela, hiria sortzeko erabakia ez zen txarra izan eta haziz joan zen: hiribildua sortu eta hurrengo mendean txikia geratu zen. Etxe berriak egiteko bi motako hedapen izan zituen, harresien ingurukoak (Kalegoen eta Kalebarren, Etxaburueta) eta arrabalak (Errebal, Arane eta Irusagarreta).

Garai hartan zubi berria eraiki zuten, ibaia edozein momentuan zeharkatzea ahalbidetuz, ufalen bildur barik. Eta ospitala zabaldu zuten Errabal kalean.

Ibaiaren beste aldean ziren ere sutegi edo forjak, modu honetan sute arriskuak gutxituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.