Joseba Olagarai kazetari ezagunak eta Martxel Larraza Xerka fotokazetaritza-lanaren egileak gidatuta egin zen Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen dituen Xerka fotokazetaritzan oinarritutako hitzaldi-erakusketa.
Lehenengo, askorendako ezezagunak, edo behintzat, ez horren ezagunak diren kontzeptuak azaldu eta argitu zituzten. Esaterako, esplikatu zuten askok bizi dutela sexilioa, bestela esanda, norbere herria uztea, sexuaren edo generoaren (identitatea, genero-adierazpena…) bizipen askea ezin dela gauzatu sentitu eta hiri handiago batera bizitzera joatea.
Herri txikiak ala hiriak?
Ildo horretan, hiri-herri txikien (landa-eremu) arteko dikotomia mahai gaineratu zen, asko itota eta seinalatuta sentitu izan baitira herri txikietan edo landa-eremuetan eta ondorioz, hirietara joan dira.
Kasu honetan, adibidez, hitzaldian parte hartu zuten Ione Oregi eta Aritz Ruiz soraluzetarrek esan zuten euren kasuan ez zutela bizipen hori. Bai bata zein bestea gustura sentitzen dira jaioterrian, hori bai, matizekin.
Oregi, babestuta
Oregik, adibidez, adierazi zuen, bera, gustura eta inkluso babestuta ere sentitu izan dela Soraluzen. Gaineratu zuen akaso beraren eta bere bikotearen izaerarengatik eta bizimoduarengatik izan litekeela, baina berak ez duela inoiz herritik joan behar hori sentitu.
Halaber, esan zuen, besteak beste, bere ustez, hirietan bizimodua inpertsonalagoa dela, jendea errazago etiketatzen dutela eta bere kasuan, hori ez duela gustuko. Aldiz, bere kasuan, Soraluzen ezaguna da, ingurukoek bera den moduan ezagutzen dute eta hori natural bizi duela.
Ruizek berba txarrak eta begiradak
Ruizek, berriz, azpimarratu zuen, bere kasuan, adibidez, oso desberdina dela herrikideen eta oro har, jendearen berarekiko jarrera, batik bat, bere janzkeraren arabera. Adibidez, gona janzten duenean, edo makillatzen denean. Halakoetan, entzun izan ditu berba txarrak jendearengandik, begiradak ere sarri sentitu izan ditu bere gain eta adibidez, herrian bertan ez baina inguruan bizi izan ditu zuzenean edo bere lagunengan eraso kasuak, batez ere, kolektibo jakin batengandik. Zentzu horretan, gogora ekarri zuten Soraluzen ere, Señora Egunean gertatu zela eraso bat.
Arautik kanpoko hotza
Oro har, iritzi partekatua izan zen hetero-arauaren losak gaur egun ere pisu erabatekoa duela eta horren ondorioz, askotan arautik kanpo irteten den hori, hau da, pertsona bat gizartearen edo herriaren aurrean nola azaltzen den horrek markatzen duela pertsona horrekiko besteon jarrera eta askotan diskriminazioa.
Esplikatu zuten askotan sentitzen dutela direnak izateko baimena eskatu behar balute moduan, besteengandik onartuak izan behar balira moduan eta oraindik orain, “armairua” askok sentitzen dutela sexilio modura.
Zentzu horretan, esan zuten askok “armairu” bat baino gehiago jasan behar izaten dituztela euren bizitzan zehar, eta oro har, adierazi zuten kontzeptu hori, armairutik irtetea etorkizunean hautsi beharrekoa dela, nahiz eta pentsatu oraindik goizegi dela horretarako.
Oro har, hitzalditik bai, baina hizlarien eta entzuleen arteko tertuliatik ere asko izan zuen Xerka hitzaldi-erakusketak, eta gai ugariri buruz berba egiteko aukera izan zen, oso modu naturalean eta gertukoan.
Hitzaldia borobiltzeko, landa eremuan jaiotako bost bizilagun queerren bizipenen gaineko dokumentala ikusi zuten bertartutakoek.