Abian dago gazteei zuzendutako Memeka euskarazko meme lehiaketa

Erredakzioa 2025ko urr. 10a, 10:08

Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak lehiaketaren 2025eko edizioa jarri dute martxan. Memeak sortuz gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu.

Urriaren 1az geroztik abian da Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak antolatutako lehiaketa. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzea du helburu, www.memeka.eus plataforma digitala erabiliz.

15 eta 18 urte bitarteko nerabeak gonbidatu dituzte euren sormena euskaraz adieraztera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "proiektuaren helburua ez da soilik gazteei entretenimendurako gune bat eskaintzea, baizik eta baita plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa sustatzea ere, modu dibertigarri eta erakargarrian".

Memeka.eus plataforma euskarazko memeen sorkuntza errazteko diseinatuta dago: erabiltzaileek irudi garbiak eskuratu, eta nahi duten testuak txertatu ahalko dituzte.

Memeen gaia librea izango da, baina memeetan txertatuko diren testuak euskaraz idatziak egon beharko dira. Ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez direnak, ezta kalitate maila nahikorik ez dutenak ere. Memeren bat egokitzat jotzen ez bada, ez da argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geldituko da.

Azaroaren 7ra arte

Lehiaketa urriaren 1ean hasi zen eta memeak aurkezteko epea azaroaren 7an amaituko da. Azaroaren 10etik 16ra bozkatzeko epea izango da eta meme irabazleak azaroaren 17an iragarriko dituzte.

Bi sari egongo dira jokoan: webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bata, 200 eurokoa, eta Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan (biak batuta) like kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat bestea, 150 eurokoa. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.