Ezustekorik ez bada, urrian bertan bukatuko dituzte Ezozibideko urbanizazio lanak

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 8a, 17:42

Ezozibidea berriro urbanizatzeko obrak bukatzear daude. Egunotan, baranda margotzen, lurra harlauza-harri itxurarekin inprimatzen eta antzemandako ur arazoak konpontzen ari dira. Horiek bukatzean, parkean falta diren baldosak eta zabuak jarri eta bukatutzat emango dituzte obra guztiak.

Bizilagun askori luze ari zaizkie egiten baina ari da amaiera ailegatzen eta beste ezustekorik ez bada, hilabete honetan bertan bukatuko dituzte Ezozibidea berriro urbanizatzeko lanak.

Obrak egiten diharduen Artzamendi enpresatik emandako xehetasunen arabera, bizilagunei buruhaustea eragiten ari zaizkien ur-filtrazioak konpontzeko lanak egiten ibili dira. Orain, lehen euri zaparradekin ikusiko dute ea ondo drainatzea lortu duten ala ez.

Horrez aparte, gaur baranda berria margotzen ibili dira, uger kolorez. Horrekin batera, zoruari oinezko-gune itxura emateko inpresioa egiten ibili dira, harlauza-harri itxura emanez. Hori Irungo Impires enpresa ari da egiten eta esandakoaren arabera, gero, gorriz margotuko dute zorua, herriaren erdigunean dagoen moduan.

Horren helburua da argi adieraztea auzoan oinezkoek dutela lehentasuna. Halaber, oinezkoak babestu eta hortik pasatzen diren autoek abiadura muga dezaten bestelako neurriak ere hartu dituzte: errebuelta berriak sortu, aparkalekuak errepidearen albo bietan jarri eta bi zebrabide altxatu ipiniko dituzte.

Bestalde, auzoko parkean, barruko aldeko esparruan baldosa batzuk ipintzea falta da, eta ingurua zabuz ere hornituko dute; hain justu, hilabeteotan futbol zelaiaren aparkalekuan daude zabuak lagata, bere lekura bueltatzeko zain.

Behin hori ere bukatuta eta dena ondo bidean, urrian bertan bukatuko dituzte Ezozibideko lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.