Gripearen kontrako txertatze kanpainaren aurkezpenan esplikatu zuten moduan, helburua da “ahalik eta pertsona gehien babestea, ahulenetatik hasita, horiek baitira arnas gaixotasunen aurrean konplikazio handienak izan ditzaketenak”.
Hori horrela, txertatze kanpainaren lehen kolpe honetan, honako pertsona-taldeek izango dute lehentasuna:
- 60 urte edo gehiagokoek.
- 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrek (59 hilabete artekoak arte).
- Immunoezabatzea edota patologia kronikoren bat (biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa...) duten pertsonek.
- Haurdun dauden emakumeek.
- Gizarte zerbituetako eta osasun-alorreko profesionalek, pertsona zaurgarrien zaintzaileek eta pertsona zaurgarriekin bizi direnek.
- Bestelako langileek, hala nola haurtzaindegietako eta Haur Hezkuntzako ikastetxeetako langileek, animaliekiko zuzeneko esposizioa duten pertsonek (abeletxeak, albaitariak eta abar) eta funtsezko zerbitzu publikoek (segurtasun-indarrak, suhiltzaileak...).
Umeak eta nagusiak
Umeen kasuan, 2-5 urte bitarteko umeei sudur bidezko txertoa emango diete, batik bat, injekzioaren molestiak gutxitzeko. Halaber, jaioberriei, goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherakoei bronkiolitis akutuaren txertoa ere emango diete.
Nagusien kasuan, berriz, 75 urtetik gorakoei zein egoitzaren batean bizi diren 50 urtetik gorakoei babes handiagoa duen txertoa ipiniko diete, txerto adjubatua izena duena. Eta COVIDaren kontrako txertoa aldi berean hartzeko aukera ere eskainiko diete.
Osterantzean, arrautzari alergia diotenei edo aminoglukosidoei zuzendutako txertoak ere izango dira 6 hilabetetik aurrerako pertsonei zuzenduta.
Behin arrisku taldeetako pertsonen txertaketa amaituta, txertoa hartu nahi duten gainerako herritarrek ere eska dezakete horretarako txanda. Urriaren amaieran edo azaroaren hasieran egin daiteke hori.