Ramon Perezek (Bilbo, 1964) bizitza osoa eman du pintzela eskuan: “4 urterekin ‘margolaria’ izan nahi nuela nioen, zehazki zer zen jakin barik eta benetako bat sekula ikusteke oraindik”. Orain, hirurogei urterekin, inork baino koadro gehiago ekarri ditu Oreka Art galeriara. Garai desberdinetako bildumekin bete ditu bertako paretak, baina nagusia narruzko baloi apurtuen seriea da.
Zazpi urte eman ditu baloi horiek margotzen: “2015ean egin nuen lehena, urte erdi pasata beste bat”. Geroztik, bezero eta lagunek baloiak ekartzen hasi zitzaizkion, eta berak “margotu behar, ze erremedio!”. Guztira, 50 baloi inguru egin dituela estimatzen du, kolore, mota eta forma desberdinetakoak, “askok garezurren forma islatzen dute adibidez”. Pandemia garaian, “hausnartzeko denbora gehiago izan genuen hartan”, zalantza sentitu zuen, ea bere obraren norabidea ondo enfokatzen ari zen edo ez, “zoratu ote naiz? nora noa honekin?”. Baina dioenez, konturatu da baloiaren irudiak duen indarraz, “ikono unibertsala da, ez du mugarik”.
“Denboraren azala” izena du erakusketak, eta baloi apurtu eta erabilien testurak irudikatzeaz gain, azalarekin lotutako beste serie batzuk ere ditu: “biluzi asko ekarri ditut, erretratuak ere, eskultura pare bat eta mugimenduarekin lotutako nire azken lanak”. Guztiak urriaren 28ra arte egongo dira erakusgai egongo dira Oreka Art galerian, 19:00etatik 20:00etara, astegunetan.