Loli Nievas errainak kontatu duenez, Elena Begil Facundo (Reinosa -Kantabria-, 1925) umetan etorri zen Soraluzera, aitaita-amamak Soraluzekoak baitziren. Aita Arregia jauregian jaio zen eta amama -aitaren ama- Berraondo zuen.
Aitaren aldeko aitaita, berriz, etorri zen La Pesqueratik (Cuenca) Soraluzera, beste anaia batekin. Haiek biek ere lotura handia izan zuten herriarekin, Andra Mari jaiak-eta antolatzen ibili ziren, adibidez. Bi anaietako bat Kantabriako batekin ezkondu zen eta bestea euskaldun batekin. Hala, Elenaren aita Soraluzen jaio zen. Baina gero, gurasoak Kantabriara joan ziren lanera, La Navalera (SAPAren zati zen Navala). Elenaren aitari -Rufino Begil- makinistia esaten zioten.
Aita preso
Kantabrian bizi zela, Reinosako amama Pilarrekin ezkondu zen Rufino eta bi seme izan zituzten. Gerran Soraluzera etorri ziren, Txitianean egon ziren. Baina Valentzian ere bizi izan ziren gerran aldi batez. Komunista baten oso lagun egin ziren. Soraluzera bueltatzean, aita Rufino urte luzez kartzelan izan zuten preso, Zaragozan.
Elenak, berriz, Soraluzen pasa zuen gaztaroa eta Antzuolako batekin ezkondu zen, Gregorio Lamarianorekin. Gregorioren ama ere Soraluzekoa zen, Aldazabal.
Elenak eta Gregoriok hemen izan zuten familia osoa. Eta atzo, familia horren ondorengoak Elenaren bueltan elkartu ziren, amamaren 100 urteak ospatzeko. Elena Begilek etxean izan zituen semeak, errainak, lobak, birlobak, etxe barrukoak, auzokoak, herrikoak, Itxaropena Erretiratuen Elkartekoak…
Amamak jasotako opari berbera
Eta opariz inguratu zuten. Lore sortak oparitu zizkioten batik bat. Baina izan zen opari bat berezia, Elenaren amamari 95 urte bete zituenean egin zioten opari berbera: gozotegi bateko otarra, txokolatez eta gozoz betetakoa. Kontatu zutenez, opari harekin asko gogoratzen dela-eta, hura ere ekarri zioten, Txuritxuko Pilik egindakoa.
Eguna borobiltzeko, elkarrekin joan ziren bazkaltzera. Aurten, Txurrukaren faltan, Batzokian egin zuten bazkari-ospakizuna.