Domekan El Twanguerok kontzertua eskainiko du Plaza Zaharrean

Egoitz Unamuno 2025ko urr. 3a, 17:00

Twanguero.

Domekan, eguerdiko 13:00etan, El Twanguero musikariak eta Malena Gomez Fridman artista plastikoak musika eta artea uztartuko dituen emanaldia eskainiko dute Plaza Zaharrean.

Domekan, Twanguero musikari ezagunak eta Malena Gomez Fridman artista plastikoak emanaldi berezia eskainiko dute Plaza Zaharrean Gaztelupeko Hotsak disketxeak gonbidatuta, (sortzaileen) 'Bideak' proiektuaren baitan. 

Ekitaldian, Twanguero izenez ezaguna den Diego García gitarjoleak kontzertua eskainiko du Javier Vacas baxu-jolearekin eta Fernando “Loza” Lozano bateriarekin batera eta aldi berean, Malena Gomez Fridman artista plastikoak zuzenean margotuko ditu lan batzuk, emanaldia amaitzean herrian bertan geratuko direnak.

Gaztelupeko Hotsak-ek jakinarazi duenez, proiektuaren helburua da "kultur adierazpen garaikideak, inprobisazioa eta tokiko komunitatearen parte-hartzea uztartzea, diziplina anitzeko saioen bidez". Domekako emanaldian, "esperimentazioa eta sorkuntza kolektiboa" bilatuko dituzte, ikus-entzuleekin lotura "berezia" sortzeko asmoz.

Ekitaldia doakoa izango da eta 90 minutu inguruko iraupena izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.