Zein ekimenekin abiatuko duzue ikasturtea?
Planifikazioa egiteko orduan, izaera desberdina duten jarduerak tartekatzen ahalegintzen gara, hamabostean behin, nahiz eta batzuetan maiztasuna handiagoaz izaten diren: hitzaldiak, irteerak, beste eragile batzuekin batera elkarreraginean, bestelakoak… Aurten, hitzaldi bat izango da lehenengo jarduera. Datorren hiruhileko honetarako aurreikusitako gaien artean, berriz, honakoak daude: geopolitika, teknologia berriak, nutrizioa, artea…
Aurten, gainera, proiektu berri bat jarriko dugu martxan: Teknologia berriak erabiltzeko lankidetza-tailerra. Asmoa da parte-hartzaileek elkarrekin aritzea teknologia berrien erabileran, ezagutzak eta ikaskuntzak elkarren artean partekatzen. Tailerrean aritzeko ere, hamabosteroko saioak aurreikusi dira, azarotik maiatzera bitartean, gainontzeko jarduerekin txandakatuta.
Oraindik posible da jendartEKIN-en izena ematea? Ala urtea bukatu arte itxaron beharra dago?
Gure proiektu honek urritik maiatzera bitarteko iraupena dauka; beraz, ikasturte berri bat hastera goaz. Hori horrela, izen-emate fasea zabalduko dugu berriz ere, irailaren 22tik 30era bitartean. Izen-ematea bide desberdinetatik egin ahal izango da, udaletxeko harreran edo bide digitaletik. Aurrez , proiektuaren iragarpena egingo dugu, kartelak, esku-orriak, ahoz-ahokoa…
Zein baldintza bete beharra dago? Kuota? Zenbat lagunendako lekua dago?
Baldintza bakarrak 55 urtetik gora izatea, ordutegia disponibilidadea eta parte hartzeko gogoa eta konpromisoa.
Plaza kopuruari dagokionez, orain arte ez da mugarik izan; baina, espazio eta antolaketari begira, mugatu beharra dago. Hori horrela, 30 plaza izango dira, izen-emate ordenari erreparatuta.
2024ko ekainean aurkeztu zen JendartEKIN, zelan baloratzen duzue 2024-2025ean egindako jarduna? Eta izandako parte-hartzea?
Balorazio ezin hobea egin diogu. Ikasturte amaieran eremu desberdinei buruzko balorazioa egin genuen, egitasmoaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa: jarduerak, espazioak, komunikazioa, parte-hartzea...; eta horrek erakutsi digu ekimenak asebetetze maila oso altua izan duela. Horrek ere jarraitzeko eta indartzeko arrazoiak ematen ditu.
Parte-hartzea ere ona izan da; izena ematean eskatzen den asistentzia konpromisoak ez du hutsik egin. Batzuetan izaten dira utzi ezineko beste zereginak, eta ez da ezer gertatzen saioren batera joan ezinagatik, ez da zerrenda pasatzen; baina parte-hartzaileek gogotsu erantzun diote programari eta asistentzia maila ere ona izan da.
Zein izan zen iazko jarduerarik arrakastatsuena?
Zaila da esatea. Hitzaldiei begira, oso maila oneko hizlariak izan dira, halakoetan eskarmentu handikoak eta, gaiak parte-hartzaileen artean erabakitakoak; beraz, interes handia eragin dute.
Irteerak, bestalde, oso arrakastatsuak izan dira eta harrera oso ona izan dute, bai Bergarako Laboratoriumera egindakoak eta bai Gatzagara zein Donostiako San Telmora egindakoak ere.