Aurtengo ikasturtean, Soraluzeko Musika Eskolak inplementatuko dituen berrikuntzen artean talde handien sorrera izango da aldaketa nagusienetakoa. Musika Hezkuntza adinez atzeratzea erabaki da, taldeko jarduerak lehenetsiz. Horrela, instrumentuaren hirugarren urtetik aurrera, hiru talde handi hauetako bat aukeratu ahalko dute ikasleek: Banda Gaztea, Fanfarre edota Big Band.
Banda Gaztea
Haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentu-joleak batuko dira bandara, tarteka pianoaren kolaborazioarekin. Susana Plumed tronpeta eta tronboi irakaslea izango da zuzendaria, eta urriko inkorporazio berriekin, 8 eta 10 ikasle arteko taldea osatzea aurreikusi dute. Etorkizunean musika bandaren batean jotzeko trebatuko dira talde honetan, eta Galtzagorri Txarangarako harrobia ere izango dira.
Fanfarre
Txarangan ez dauden beste instrumentuentzako txokoa izango da Fanfarre taldea: gitarra, biolina, txeloa, soinua, txistua, trikitixa, panderoa... Flautek ere parte hartuko dute, pianoaz eta perkusioaz lagunduta. Oraingoz zortzi kidek hasi dute ibilbidea eta Domentx Uzinen gidaritzapean musika herrikoia landuko dute: kalejirak, dantzak, abesteko kantak... Etorkizunean, ikasle nagusi eta ohiekin antzeko taldea sortzen saiatuko dira, Gaztañerren, Ezoziko eta San Martzialgo Erromerietan, aratosteetan eta herriko gainontzeko jaietan jotzeko asmoarekin.
Big Band
Konbo klasikoa ere irakatsiko da —jazz mundutik datorren formazioa—, bateria, baxua, gitarra elektrikoa, teklatuak eta haizezko instrumentuak (tronpeta, saxofoia, tronboia) batuz. Blues Hotsak jaialdirako prestatutako kontzertuak izan dira talde honen aurrekaria. Nagore Sanz irakaslearekin blues, soul, jazz eta antzeko musika modernoagoko estiloak landuko dituzte. Momentuan big band klasikoa osatzeko ikasle aktibo nahikorik ez dagoen arren, egungo talde txikiarekin ekingo diote, errepertorio eta estilo propioa izango duen konboa sortuz.
Musika Eskolatik azaldu dute hiru talde handi hauek sortzeko apustua "herriko urte osoko jarduerak kontuan izanda" egin dela, eta "herriko musika bizitza elikatuko duten musikariak heztea" dela helburua.