Soraluzeko Udalak komunikabideen eta kazetarien bitartez izan zuen Karakaten mastin batekin izandako gertakariaren berri. Unai Larreategi alkateak esplikatutakoaren arabera, ez dute inolako informazio ofizialik jaso, ezta datu objektiborik ere, bakarrik gertakizunaren kontakizuna izan dute, eta hori ere zeharka.
Edozelan ere, gertakariaren berri izanda, Elgoibarko Udalarekin zein Ertzaintzarekin elkarlanean dihardu Soraluzeko Udalak gertakaria argi identifikatu eta herritarren segurtasuna bermatu nahian.
Plazentziarekin loturarik ez dirudi
Larreategik emandako xehetasunen arabera, egunotan plazaratu diren zurrumurruetan irten zen mastinak Soraluzekoak zirela. “Baina zurrumurruak besterik ez ziren. "Jakin gabe benetan ze txakur diren ez litzateke inor seinalatu behar. Hemengo baserritar batek mezuak, deiak… izan ditu zabaldu delako mastinak bereak direla, eta ez da horrela. Errespetu falta bat izan da hori. Gainera, Udalak dituen datuen arabera, ez dirudi Plazentziarekin lotura duten mastinak izan direnik”.
Hori horrela, Soraluzeko alkateak dei egin du, gertakariren bat bada eta Soraluzerekin lotutako ekintza dela uste bada, zuzenean jartzeko harremanetan Soraluzeko Udaletxearekin. Hartara, errazagoa izango da dena delakoari “erantzun egoki” bat ematea. Zentzu horretan, gogora ekarri du Udalak udaltzaingo zerbitzuaz gain baduela aplikazio bat kexuak eta bestelakoak helarazteko".
Bi oldarraldi
Elgoibarko Barren.eus agerkari digitalak kontatu duenez, domeka goizean izan ziren bi oldarraldiak, 09:15-09:30ak buelta horretan biak, bata Karakateko iturriaren gaineko aldean, eta bestea tontorretik beheko gurutzera arteko lautadan. Tontorra eginda zetorren behera mendizaleetako bat, eta aurrean agertu zitzaion txakurra. "Txakurra solte zegoen eta inguruan ez zegoen ez jabe eta ez beste animaliarik". Dio pauso batzuk aurrera egitea erabaki zuela, kontu handiz, baina metro beteko koska saltoan pasatu eta aurrean jarri zitzaiola txakurra, "zaunka eta lerdea dariola". "Bidea estua da han eta ez neukan ihesbiderik. Bi bastoi neuzkan eta haiek jarri nizkion aurrean, ukitu edo jo gabe, txarragoa izan zitekeelakoan, eta hasi nintzen behetik gora, atzeraka. Halako batean estropezu egin eta jausi egin nintzen, eta 'nireak egin du' pentsatu nuen. Deiadarka hasi nintzen, beldurrak akabatuta. Zela-hala eutsi nion makilekin, tentetu nintzen, eta halako batean isildu zen eta laga ninduen. Arnasa hartu nuen, baina beldurra ez dut kendu gainetik", zioen martitzenean. Gordean mantendu nahi du izena, ahal den azkarren ahaztu ahal izateko dena, baina neurriak hartzeko eskatu du, Karakate jende asko dabilen lekua delako.
Atzeraka jausi
Bergarako epaitegian salaketa jarri zuen astelehenean beste mendizaleak, Karakateko iturriaren gaineko aldean agertu zitzaion txakurra, atzetik segika: "Zerbait igarri nuen atzean eta han zetorren bi metrora sekulako bitxotzarra. Atzera begiratu nuenean niregana korrika hasi zen, zaunka betean, eta zoro baten pare oihuka hasi nintzen jabea ohartarazi nahian, baina han ez zegoen inor. Bastoiak neramatzan eta saiatu nintzen haiekin babesten txakurra oso oldarkor zegoelako eta atzeraka egiten ari nintzela jausi egin nintzen. Momentu horretan hilko ninduela sentitu nuen, lerdea dariola ikusten nuelako. Tentetu nintzen ahal nuen moduan. Makiletako bat galdu egin nuen eta bestearekin kontra egiten hasi nintzaion gainean neukalako, eta halako batean, nekatu zenean eta neu ere fisikoki akitu nintzenean, gelditu egin zen". Kontatu du atzeraka alde egiten saiatu zela eta, txakurrari bizkarra eman zionean, sentitu zuela hura gelditu zela, zaunka jarraitzen zuen arren. Aitortu du "bizian hilda" iritsi zela tontorrera eta han beste elgoibartar bat ikusi zuenean hartu zuela arnasa.
Tontorretik beherako bidea soken bidetik egin zuten biktima biek, nork bere aldetik eta elkarren berri izan gabe, mendian gora zihoazen guztiei gertatuakoaren berri emanez. "Umeekin-eta zihoazen batzuek buelta eman zuten", dio haietako batek. Mendizale horrek berak esan du bi direla Karakaten solte dabiltzan mastinak: bata, txuri-beltza eta, bestea, grisaxka, eta biek aitortu dute txakurren jabea Soraluzen bizi dela esan dietela.