Liburutegiko areto nagusira lekualdatuta ekin zion ikasturteari Irakurle Klubak. Dozena bat lagun elkartu zen mahaiaren bueltan emakumeen sufrimendua eta osasun mentala gai duen Itxaso Martinen Puntobobo nobelari buruzko iritziak partekatzeko. Hari buruzko erronda eginez hasi zuten atzoko saioa.
Azaroko hitzordurako, berriz, Ibaiertzeko ipuina irakurriko dute, eta, orduko saioan Oihane Amantegi idazlea bera izango dute gonbidatu. Klubeko dinamizatzaile Ainhoa Aldazabalek adierazi zuenez, berari asko gustatu zitzaion liburua; nabarmendu zuen “oso testu berezia” duela, “desberdina”.
Soraluzeko Irakurle Kluba bi hiletik behin elkartzen da Udal Liburutegian eta dinamizatzaileak gomendatutako liburua etxean irakurri eta ondorengo saioan berau aztertu egiten dute. Interesa duen edozeinek har dezake parte saioetan.
"Irakurketaz gozatzea" helburu
Justu irailean urtebete da Ainhoa Aldazabal dinamizatzaileak Soraluzeko Irakurle Kluba gidatzeari ekin ziola. Eibartarrak kontatu duenez, “gustura” dago bertan, “oso talde atsegina” osatzen baitute partaideek. Handia ere bada taldea, eta horrek aukerak ematen die, batarekin ez bada, bestearekin irakurgaiak partekatzeko.
Osterantzean, Irakurle Klubaren asmoa “irakurketaz gozatzea” dela azpimarratuta, saioak “atsegingarriak” izan daitezen ahalegintzen da dinamizatzailea. “Begirada feminista” ere langai du eta hori aintzat hartuta idazle emakumezkoen testuinguru historikoa ere aintzat hartzen dute, “ez baita gauza bera XIX. mendean emakume batek argitaratzea edo gizonezko batek argitaratzea”.
Eta aniztasunaren izenean, eleberriak ez ezik, komikiak eta poesia liburuak programatzeko asmoa ere badu Aldazabalek, euskaraz, zein gazteleraz, itzulpenak barne, horrek aukera ematen baitie “mendebaldekoak ez diren eta orainaldikoak ez diren ahotsak” ere lantzen.
Soraluzeko kluba gidatzeaz aparte, beste mordoxka bat dinamizatzen ere badihardu Aldazabalek. Hemen inguruan, esaterako, Eibarren, Elgoibarren eta Deban ditu taldeak; urrunen, berriz, Arabar Errioxako Laguardian.